Ostegunean salatu zuen bere senarrak desagertuta zegoela Irungo 45 urteko emakume bat. Hurrengo egunean sekretupean jarri zuten auzia, eta larunbatean jakin zen bilatzeari utzi ziotela. Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi du andrea ondo topatu dutela. Sekretupean jarraitzen du auziak, eta beraz, ez dute beste xehetasunik eman.
Desagertzea salatu ostean andrearen telefonoak emandako aztarnei jarraituz Pasaia aldean aritu ziren bere bila. Ertzaintza, Gurutze Gorria eta Pasaiako Udaltzaingoa aritu ziren bila. Nolanahi ere, ez dute jakinarazi han topatu duten edo ez.
Bestalde, igandetik desagertuta dagoen 84 urteko gizonezkoaren bila ari da Ertzaintza Azpeiti inguruetan. Igandean familiarekin Azpeitian bazkaldu ostean desagertu zen frantziskotarra.