Onkologikoa lanpostuak kentzen eta zerbitzuak murrizten ari dela salatu dute gaur langileek. Kutxaren egoitza nagusiaren aurrean, Donostian, elkarretaratzea egin dute arratsaldean.
Murrizketa horiek azken egunetan erabaki ditu zuzendaritzak, langileen esanetan, eta kezka agertu dute Donostiako Onkologikoa hartzen ari den bideagatik.
Salatu dute ekainetik irailera 40 ohe gutxiago izango dituela zentroak, bi ospitaleratzeko kontroletatik bat itxi egingo dutelako.
Hainbat lanpostu murriztuko dituztela ere ohartarazi dute: ostalaritzako langileen laguntzaile bi, zaintzaile bat, erradioterapiako langile bat eta administrari postu bat galduko dituzte.
Gainera, erantsi dute sei mediku eta bost erizain kaleratu dituztela, "arrazoi objektiboengatik". Kontsulten arloa ere berrantolatu behar dutela esan dute langileek. Segurtasuneko postuetan ere murrizketak egin dituztela erantsi dute.
Neurri horiek guztiek Onkologikoa "desegin" egingo dutela ohartarazi du langileen batzordeak, eta eriei arreta emateko moduan kalteak eragingo dituztela. Langile batzordea aintzat hartu gabe erabaki dituztela ere salatu dute.
Gogorarazi dute 10.000 sinadura bildu dituztela dagoeneko Onkologikoaren alde. Change.org atarian ari dira sinadura horiek biltzen, Kutxa Fundazioari eskatuz Onkologikoa Osakidetzaren sarean txertatzeko.