Gainerako herrietan bezala, Zumaian ere herritarren %10en sinadura behar dute udaberrian herri galdeketa egin ahal izateko. 1.000tik gora dira horiek Zumaian, eta horiek lortzea izango du lehenengo lana, eratu berri den Ontziratu talde eragileak. Atzo aurkeztu zuten taldea, "erabakitzeko eskubidea gauza dadin bitartekoak jartzen lan egiteko".
Adin, jatorri eta ideologia ezberdinetako herritarrengana iristea nahi dute: "Ez da, inondik ere, Ontziraturen helburua iritzi edo pentsamolde jakin baten alde edo aurka egitea, 2017ko udaberrian egingo den galdeketan herritar guztiek askatasun osoz parte har dezaten bitarteko izatea baizik". Beraien ibilbidean bat egitera dei egin diete herritarrei.