Siriako oposizioak salatu du gutxienez bi lagun hil dituztela Baxar al Asad-en aldekoek. Oposizioaren esanetan segurtasun indarrek tiro egin dute manifestarien kontra Yisr al Shugur eremuan, Idleb probintzian. Siriako Kontseilu Nazionalak modu baketsuan manifestatzera deitu du gaurko.
Beste iturri batzuen arabera segurtasun indarrek hirugarren lagun bat hil dute Hama probintzian, kontrol gune batetan.
Oposizioak gainera salatu du Homs hiriko Harabis auzoa bonbardatu dutela eta tiroketak izan direla Alepo probintzian ere. Gaur 06:00etan amaitu da erasoak eteteko Kofi Annanen planean ezarritako epea; Damaskok beteko duela esan du.
Oposizioaren esanetan "Damaskok burla egiten dio nazioarteari", su-etenaren ostean indarkeriaren erabilera bertan behera utzi ez duelako.
Siriako telebista ofizialak jakinarazi du Alepo hirian militar bat hil dela, leherketa baten ondorioz, eta eztandak beste 24 lagun zauritu dituela.