Osasunbideko lan eskaintza publikotik E mailako 102 lanposturen deialdia kentzeak haserre bizia sortu du oposizioak egin behar zituztenen artean. Asteburuan batzartu egin dira kaltetuak, eta atzoz geroztik kalean daude. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten ehunka kaltetuk atzo iluntzean, eta protestarekin arratsaldero jarraituko dute. 19:00etan bilduko dira, egunero, Nafarroako Gobernuaren aurrean.
Sinadurak biltzen ere hasiko dira kaltetuak, gobernuak ikus dezan «jende honi guztiari egin dion kaltea», Idoia Viana mugimenduko ordezkariaren hitzetan. 12.000 lagun zeuden izena emanda oposizio horietarako. Gobernuaren erabakia, Vianaren hitzetan, «oso larria eta onartezina» da, eta PSNri laguntza eskatu dio: «Beharrezkoa zaigu PSNk laguntzea, hau guztia aldatzeko. Badaude bestelako aukerak, murrizketetarako. Ez da beharrezkoa horrela murriztea kontuak, aberatsenak aberasten eta pobreak gero eta pobreago bihurtzen ari dira eta».
Kaltetuak PSNren egoitza aurreraino joan ziren atzo, haren eta UPNren aurkako oihuak eginez, eta Marta Vera Osasun kontseilariaren dimisioa eskatuz. Manifestariek esperantza agertu dute parlamentuan dekretua geldituko dela, 102 lanpostu horiek oposiziora atera daitezen.
«Ez zen beste erremediorik»
Kexuak kexu, 102 lanpostu horien deialdirik ez egiteko erabakia berretsi eta babestu dute UPNk eta PSNk. Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Junta bildu ziren atzo, eta bilera horien ostean beren jarrerak agertu zituzten alderdiek. Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak ulertzen du oposizioak prestatzen aritu direnen haserrea; baina defizita estaltzeko neurriak «funtsezkoak» direla ohartarazi du.
Kaltetuen artean balitz bera ere oso haserre legokeela adierazi du Juan Jose Lizarbe PSNko ordezkariak ere. «Baina ez zen beste erremediorik», erantsi du: «Seguru asko, lehenagotik pentsatu behar zen neurri hori, baina hobe da berandu, inoiz ez egitea baino».
Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute erabakia. «Gaixoen pureari» kenduz aurreztu nahia aurpegiratu dio Patxi Zabaletak (NaBai) gobernuari. Gaixoen dietek eritasunen tratamenduekin lotura zuzena dutela gogorarazi du Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak.
Nafarroako Kutxan UPNko kargudun batzuek jaso dituzten dietak eta haien inguruan sortu den eztabaida ekarri ditu gogora Maiorga Ramirez Bildukoak: «Osasunerako ez dagoen dirua badago, ordea, gutxi batzuen mesederako».
Oposizioengatik kaltetuak kalean batzartuko dira arratsaldero
Osasunbideko lan deialdira aurkeztu behar zutenen haserrea onartu arren, murrizketa babestu du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu