Iragarritako gaiak ez dira izango udan hezkuntzan egitekoak diren oposizioetan. Ezustean, Espainiako Gobernuak atzera bota du aurten ezartzekoa zen gaitegi berria, eta, horren ordez, 1993koa sartzeko agindu du. Erabakiak zuzenean eragingo die Jaurlaritzak aurten egingo dituen oposizioei: orain arte ikasirikoa alferrik izango dute aurkeztu nahi dutenek.
Oposizioak izan ditu bereziki begitan PPk gobernura heldu zenetik. Urtarrilaren 26an, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak bilera bat egin zuen erkidegoetako kontseilariekin —tartean ziren Isabel Zelaa Jaurlaritzakoa eta Jose Iribas Nafarroako Gobernukoa—, eta eskatu zien aurten ez egiteko oposiziorik. Espainiako Gobernuaren murrizketa plana indarrean dela gogorarazi zien, eta, haren arabera, ezin dela egin lan eskaintza publikorik. Iribasek bere egin zuen eskaria; ordea, Zelaak jakinarazi zuen eutsi egingo diola deialdiari, lan itunean jasota dagoelako. Nabarmendu zuen Madrilgo gobernuak murrizketak iragarri aurretik egin zuela deialdia Jaurlaritzak.
Erabaki hori ez zuen ondo ikusi Wertek. Gobernuaren nahia beste bat zela gogorarazi du Espainiako aldizkari ofizialean kaleratutako aginduan: «Aurten eskaintzarik ez egitea proposatu zuen, eta postuak 2013rako pilatzea». Erkidego gehienek eskaria onartu zutela adierazi du ministroak, eta hori dela gaitegi berria indarrean ez jartzeko arrazoietako bat.
Beste argudio bat ere eman du: Madril aztertzen ari dela oposizio eredua aldatzea. PSOEk hasitako bidea burura eramatea da alor horretan PPren asmoa, «maisu-maistra onenak» izateko eskoletan. Egiten diren probak aldatzea dauka buruan gobernuak. «Merezimenduak eta ahalmenak» lehenestea jarri du helburu.
Egoera hori izanik, Wertek argudiatu du orain gaitegi berria indarrean jartzeak «ezegonkortasuna» sortuko lukeela hezkuntzako oposizioetan. «Kalte egingo lieke parte hartu nahi dutenei eta hezkuntza komunitateari oro har». Gai berriak bertan behera uzteko «interes orokorreko arrazoiak» daude, ministroaren ustez.
556 lanpostu jokoan
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, Werten erabakiak sortuko du ezegonkortasuna. 556 lanpostu ateratzekoak ditu aurten lehiaketara Eusko Jaurlaritzak —sindikatuek salatu dute sinatu baino gutxiago direla—, eta dagoeneko prestatzen hasiak ziren hautagai asko, gaitegi berria eskuan.
«Errespetu falta» da erabakia. Hala adierazi du Zelaa Jaurlaritzako sailburuak. Haren arabera, orain bi aste kontseilariekin izandako bileran ezer ez zuen esan Wertek gaiak aldatzeari buruz. «Ez da agintaldia hasteko modu onena, autonomia erkidegoekiko lankidetzan eta konfiantzan oinarritu beharko luke eta».
Azterketarako estudiatzen hasita zeudenen lekuan jartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Irakasle asko prestatzen hasita egongo dira dagoeneko orain arte indarrean zen gaitegiarekin, eta, horregatik, larriagoa da ministroak erabakia jakinarazi ez izana». Jaurlaritzak erabakian zerikusirik ez duela nabarmendu du Zelaak, Madrilek erabaki duela.
Oposizioetako gaiak aldatu ditu Wertek
Aurrez jakinarazi gabe, gaitegi berria indargabe utzi du Madrilek; EAEn aurten egingo dituzten oposizioei eragingo die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu