Miguel Sanz Nafarroako lehendakaritzako hautagaiak atzo Nafarroako Parlamentuan abiatutako inbestidura saioak gaur izan du jarraipena. Ordubete eskas iraun zuen saioan gizarte "orekatu, aske eta totalitarismo zatikatzaileetatik eta dogmatismoetatik urrundurako gizarte baten alde" lan egingo zuela iragarri zuen Sanzek atzoko saioan.
Gaur oposizioko taldeei zegokien hitzaldia eskaintzea. Alberto Catalan UPNko kidea izan da hitza hartzen lehena, eta Sanzek atzo emandako hitzaldia goraipatu du. Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileari zegokion hurrengo txanda. Sanzen atzoko hitzaldia "autokonplazientzian oinarritua, eta irtenbiderik bilatzen ez duena" dela adierazi du Lizarbek, eta bere diskurtsoaren zati handiena osasun arloari eskaini dio. "Osasunaren pribatizazioa proposatzen ari zarete, eta gai hau eztabaidatzeko ez iezaguzue deitu ere egin", eskatu dio Lizarbek Sanzi. Gobernu berriaren "zutabeetako bat" kultura izanen zela esan zuen atzo Sanzek, eta "gai horretan sinesgarritasun guztia galdu" duela gogorarazi dio Lizarbek. Sanzek Lizarberi erantzun dio: "PSNren oposizioa hori bada, urte askoan jarraituko dut presidente modura"
IUN-NEBeko Felix Taberna "gogor" aritu da Sanzen proposamenen aurka. Tabernaren arabera, "beldurraren diskurtsoa" erabiltzen bakarrik daki Sanzek, eta Nafarroak"arlo sozialean" atzera egin duela. "Osasungintza pribatizatzea proposatzen ari zarete, eta osasunarekin eta herritarrekin ez dajokatu behar", gogorarazi dio. Horrez gain, irakaskuntzan D ereduarekin egiten duen "joko kontraesankorra" gaitzetsi du, eta UPN eta PPk "indarkeriaren erabilpena" egitea leporatu dio Tabernak. "Ez dago inon laguntzeko moduko haizerik, batek ez badaki nora doan" esanez amaitu du Tabernak bere hitzaldia.
Sanzek "erasokor" erantzun die Tabernaren hitzei, eta "hizkuntza boltxebikea" erabili duela egotzi dio. "Atzeratuta dauden proposamenak bota dituzu, Fidel Castroren diskurtsoa eta Che Guevararen mozorroa erabiliz", gogorarazi dio.
Aralarreko Patxi Zabaletaren hitzaldiarekin amaitu da Foru Parlamentuan inbestidura ekitaldiko goizeko saioa. Zabaletak ez du behar adina denbora izan bere agerraldia egiteko, eta "Nafarroako aniztasuna kontuan ez hartzea" egotzi dio behin eta berriz Zabaletak. "Nafarroako gizartea anitza da, bai arlo politikoan, sozialean zein kulturalean, eta zuek krispazioa eragiteaz arduratzen zarete, nahita egiten duzue gainera", adierazi du Aralarreko buruak.
Hala, euskarari, hezkuntzako D ereduari, eta finean, kulturari "eraso egitea" leporatu dio Zabaletak Sanzi, eta Nafarroako presidente izan nahi badu, "errealitate horiek guztiak aintzat hartu" beharko dituela. Hala ere, Aralar "hitz egiteko prest" dagoela adierazi du.
Nafarroako Parlamentua
Oposizioko taldeek Sanzek proposaturiko "politika atzerakoia" kritikatu dute inbestiduraren goizeko saioan
PSNko bozeramaile Juan Jose Lizarbek, IUN-NEBeko Felix Tabernak eta Aralarreko Patxi Zabaletak hartu dute hitza inbestiduraren goizeko saioan, eta guztiek Sanzek proposaturiko "politiko atzerakoi eta alderdikoia" kritikatuko dute. Arratsaldeko inbestidura saioa hasi berria da, eta azken ordukorik ez bada behintzat, Sanz izango da beste lau urtez Nafarroako presidente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu