Pozik gaude. Hori eskatzen ari ginen». Anabel Sanz FeministAldeko kide eta berdintasun teknikaria da indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektua bertan behera uzteko galdeginez hilaren 10ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako agerraldian hitza hartu zutenetako bat. Feministek egindako presioari egotzi dio egitasmoa bertan behera gelditu izana, eta itxaropena du agerraldi hartan egindako bigarren eskaera gauzatuko dela: «Eztabaida publiko eta serioa abiatu behar da, mugimendu feministaren parte hartzearekin».
Mugimendu feminista ezustean harrapatu du Jaurlaritzaren erabakiak, zurrumurru guztiek kontrakoa baitzioten, hau da, Herrizaingo Sailak irmo egingo zuela egitasmoaren alde. Hala ere, Sanzentzat ez da nahikoa lege aurreproiektua bertan behera uztea, «lege testuan dauden gauza asko, gustuko ez ditugunak, dekretu bidez arau ditzaketelako, orain arte egin duten bezala». Hartara, zuhur jokatu beharra nabarmendu du: «Legegintzaldi hasieratik ikuspegi batetik jardun dira; orduan, lege aurreproiektua bertan behera uzteak guk eskatzen dugun ikuspegi aldaketa ekarriko du, ala horrek berdin jarraituko du?».
Ikuspegi aldaketa horrek, funtsean, auzitan jartzen ditu Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritza Herrizaingo Sailaren barruan egotea, haren egitekoa eta horrek Emakunderi uzten dizkion funtzioak, Sanzek azaldu duenez. «Zuzendaritzak jarraituko al du indarkeriaren aurkako politika gidatzen?», galdetu du Sanzek: «Guk beti esan dugu Herrizaingo Sailaren barruan badagoela zer egin, baina zuzendaritzak egin ezin zituen gauzak egin nahi izan ditu».
Hori dela eta, ezkor begiratzen dio PSE-EEren gobernuak egindako hiru urteei. Bere hitzetan, «legegintzaldi galdua» izango da berdintasunaren alorreko aurrerapenei dagokienez. «Lazgarria da». Denbora galdu horrek, gainera, epe ertainean ondorioak izango dituela uste du: «Lehenagotik existitzen ziren egiturak ahuldu egin dira».
Emakunde dago kezka horren atzean. Eskumenak eta protagonismoa galtzen ari zela argudiatu du feminismoak azken hilabeteotan; izatez, Emakundeko zuzendaritzako aholkulari batek dimisioa eman zuen joan den astean, lege egitasmoarekin bat ez zetorrelako. Ildo horretan, erakunde horren egitekoa defendatu du Sanzek: «Berdintasunerako egitura den aldetik, administraziotik berdintasun politikak nola aplikatu gidatu behar du, edozein alderdi dagoela gobernuan».
Eztabaidan protagonista
Lidergoa berreskuratzeaz eta proiektu estrategikoei berriro ekin beharraz mintzatu da Sanz «Eta horretarako ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeriari buruzko eztabaida sozial eta politiko serioa abiatzea». Eztabaida horretan, mugimendu feministaren protagonismoa ezinbestekoa dela uste du: «Erakutsi dugu iritzia emateko eta proposamenak egiteko gaitasuna badaukagula».
Dena den, protagonismo hori atzo berriro ezbaian geratu zela azaldu du: lege egitasmoaren prozesu osoan feministen parte hartzea «hutsa» izan dela salatu ostean, atzo ere BERRIAren deiak jakinarazi zion albistea. «Agian, indarkeriaz gain, parte hartze politikoaz ere eztabaidatu behar dugu».
Orain eta oraindik, eztabaidaren zain
Pozik agertu da Anabel Sanz feminista lege egitasmoa bertan behera geratu delako, baina azken hiru urteotan Jaurlaritzak bideratu dituen politikek laster eragingo dituzten kalteak azaleratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu