Bat egin duten 46 lagunetako batzuk Bilboko Bizikidetasun plazan izan dira, dinamika aurkezteko. Sareko Arantza Aldeazabalek azaldu du lekua horren sinbologia: "Bizkidetza baketsu baten bila gabiltzalako". Esan du maiatzaren 3an "konponbidearen aldeko aurrera pausu berri bat" eman zela. Baina gehiago falta direla ohartarazi du: "Geroz eta gehiago eta anitzagoak dira espetxe politika hau aldatzea eskatzen duten ahotsak", Gizarte zibileko ahots horiekin egin nahi du bidea Sarek, eta horregatik eman die hitza Orain presoak dinamika bultzatu duten horiei.
Politia eta Administrazio Zientzietan doktore den Felix Arrietak eta Laura Gomez militante feministak irakurri dute Orain presoak dinamikak bere burua aurkezteko idatzi duen agiria, euskaraz eta gaztelaniaz. Esan dute maiatzeko egun "historikoen" ostean, "sufrimendu zikloari" amaiera emateko unea sortu dela. "Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa". Baina ohartarazi dute oraindik badagoela askatu gabeko korapilo bat: "Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 eskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometroa urrunduak". Espetxeetan dauden pertsona horiei "salbuespen neurriak" ezartzen zaizkiela salatu dute. Horregatik lau lehentasun ipini dituzte mahai gainean: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoen arta, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.
Aldarrikapen horiekin manifestazioa antolatzen dabiltza urriaren 20rako. Bilbon izango da. "Dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera".