Tratu txarrak jasan dituzten 2.459 emakumek jarri dituzte salaketak 2005eko lehen seihilekoan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Urteak martxa horretan jarraitzen badueta, tamalez, hala izango dela erakusten du eguneroko errealitateak, urte amaieran ia 5.000 salaketa izango dira. Kontuan izanik hiru emakumetik batek baino ez dituela tratu txarrak salatzen, datuen estrapolazioa eginez esan daiteke Hego Euskal Herrian 15.000 emakume inguruk jasaten dutela bikotekidearen indarkeria. Beste era batera esanda, Euskal Herriko 20 eta 59 urte bitarteko (erakundeen arabera adin tarte horretako emakumeak dira genero indarkeriaren biktimak) ehun emakumetik bik jasaten dituzte tratu txarrak. Datu horietatik kanpo daude sexu erasoak jasan dituzten emakumeak, lanean sexu jazarpena jasaten dituztenak edota, esaterako, kultur jarduera batzuen ondorioz erasoak sufritu dituztenak.
Emakumeen aurkako indarkeriak aurten dagoeneko bederatzi hildako utzi ditu: Ofelia Hernandez; Berta Beunza; Argelis Romero; M.U.V.; Sophie Houssete, semeak hildako emakumea; Ana Isabel Madariaga; Aintzane Garai; eta gizonak Angelun tiroka hildako emakumea.Indarkeria jasaten duten emakumeak ugariak izan arren, instituzioek emakume horiek babesteko bideratutako laguntzak eta baliabideak, ordea, gaur-gaurkoz ez dira nahikoa. Beldurrarengatik edo dena delakoagatik etxea utzi behar duten emakumeentzat ez dago toki nahikorik. Berriak egin duen azterketaren arabera, Euskal Herrian Foru Aldundiek eta Udalek kudeatutako 54 harrera etxe daude. Etxe horiek batez beste zortzi emakumerentzako tokia dutela ikusita, 400 emakume inguru hartzeko tokia baino ez dago. Ondorioz, ez da legea betetzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, Berdintasunerako Legeak dio 20.000 biztanletik gorako udalerrietan gutxienez harrera etxe bat egon behar duela.
Hego Euskal Herrian 2003ko abuztuaren 2an sartu zen indarrean 27/2003 Legea, indarkeriaren biktimak babesteko agindua arautzen duena. Agindu horren helburua da, prozedura azkar eta erraz baten bidez, biktimak babestu ahal izatea. Organo judizialen eta Administrazioaren arteko koordinazio sistema ere finkatzen du. Hala, agindua ematen denean, epaileak neurri zibilak eta penalak abiarazten ditu eta administrazio publikoek laguntza neurriak (juridikoak, psikologoak, sanitarioak eta ekonomikoa) eta babeserako tresnak jartzen dituzte abian.
Babesteko agindua
Babesteko agindua biktimak berak edo biktimarekin harreman egonkorra duen edonork eska dezake. Polizia etxeetan eskatzea gomendatzen dute. Hortik guardiako epaitegietara igortzen da, epaileek aztertzeko. Biktima bakoitzeko babesteko agindu bakarra dago. Behin babes agindua onartuta, guardiako epaileak honako kautelazko neurri penal hauek hartu ahal izango ditu: behin-behineko espetxeratzea, hurbiltzeko debekua, biktimarekin batera bizitzeko debekua, komunikatzeko debekua edota biktima bizi den lekura joateko debekua. Epaitegiak hartzen duen babesteko aginduak, halaber, administrazio publikoek aurreikusitako babeserako tresnak aktibatzen dituzte. Hala, babesteko aginduari esker, biktimak honako hauek eskura ditzake: oinarrizko errenta edota beste diru laguntza batzuk, gizarte laguntza (harrera etxeak), laguntza juridikoa edota laguntza psikologikoa. Laguntza horiek Biktimari Laguntzeko Zerbitzuek koordinatzen dituzte.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuaren arabera, 2005eko lehen seihilekoan 919 babes agindu eskatu dira; horietatik zenbat onartu diren, ordea, ez du esan. Aste honetan bertan Amnesty International elkarteak salatu du Bizkaian babes eske joandako emakume askoren eskaerak atzera bota dituztela: 523 emakumek eskatu zuten babes agindua eta 226 atzera bota zituzten. Babesa lortzeko, salaketa jartzea ezinbestekoa da. Biktimak abokatuen elkargoak balia ditzake. Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean abokatuen elkargoek emakumeen aurkako indarkerien kasuetarako doako laguntza eskaintzen dute, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan. Bestelako aukerak ere badaude. Tratu txarrak jasaten ari den unean laguntza 112 larrialdi zerbitzuan eska dezake. 112 telefonotik emakumeak jaso ditzakeen zerbitzu guztiak bideratzen dituzte. Gipuzkoako SOS Deietako arduradun Aitor Olaizolak azaldu du zein den emakume baten deia jaso eta berehala abian jartzen den protokoloa. Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere hala egiten da. «Ertzaintza edota udaltzaingoa bidaltzen dugu eta, behar izanez gero, anbulantzia ere bai. Poliziak tratu txarrak baieztatzen baditu, gizonezkoa atxilotu egingo du, eta, emakumeak etxetik alde egin nahi badu, aldundiek dituzten larrialdietarako etxebizitzaren batera edota ostatu batera eramango dute, emakumeak hurrengo egunak han pasatzeko. Hurrengo egunean, tokian tokiko udal edota aldundira bidaltzen dugu kasua».
Harrera etxeak
Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak babesteko funtsezko bitarteko gisa sortu dira babes etxeak; izan ere, emakume askok bizilekua utzi behar izaten dute eta babes etxeetan aurkitzen dute beharrezkoa duten laguntza eta aldi baterako ostatua. Horiez gain, berehalako larrialdiei erantzuteko beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dira, hau da, gizarte zerbitzuek funtzionatzen ez duten ordutegi arruntetatik at gertatzen diren behar larriei segurtasuna eta ostatu beharra berehalako erantzuna emateko. Herrialde bakoitzean bat dago.
Egun edo hilabete batean gera daitezke emakumeak hor. Handik, emakumeak artatzeko egoitzara pasatzen dira. «Beterik badaude, eta emakume batek laguntza behar badu, hoteletara jotzen dugu. Inor ez da kalean geratzen», azaldu du Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizaterako Saileko kide Maria Cruz Santestebanek. Nafarroan, esaterako, urtebete egon daitezke emakumeak hor, egonaldia beste urte bat luzatzeko aukerarekin. Etxe horiek, baliabide ekonomiko urriak dituzten emakumeentzat dira, bestela ez bailukete erasotzailearekin partekatzen duten etxebizitzatik ateratzeko aukerarik izanen. «Emakume bakoitzak egoera bat du. Egoera horretara egokitzen dira dauden baliabideak». Helburua argia da, Santestebanen aburuz: «Bere bizitza proiektua berrosatzen lagundu emakumeari». Larrialdietarako zentroan eta emakumeak artatzeko egoitzan emakumeak ez daude inoiz bakarrik.
Aukera gutxi Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian bortizkeria pairatu duten emazteei laguntza emateko egitura gehienak Lapurdiko kostaldean kokatzen dira. Bere eginkizuna emazteek bikotearen baitan pairatzen duten bortizkeriari mugatzen ez bada ere, Les Mouettes-Antxetak harrera etxea da ezagunena. Gehienik bizpahiru hilabetez aterpetzen ditu emazteak, izan dadin bakarrik edo familiarekin. Orotara 25 toki ditu eta aurten 400 eskaritik gora jaso ditu.
Salaketa gehienak osasun zerbitzuetatik pasatu ondoren gertatzen dira. Sendagileek arreta berezia jartzen dute bortizkeria kasuak nabarmentzeko eta salaketa bideratzeko. Nahiz eta ezin argiki erran, salaketarik edo ondoriorik ez duten kasu anitz gelditzen direla azaltzen dute, etsiturik. Salaketa dagoen kasuan auzitegiak deliberatzen du segida, baita ere emaztea, bakarrik edo familiarekin, aterbetxe batean kokatzen duenez. Kasu horretan, erasoa pairatu duten tokitik aldentzea eskatzen dute anitzek. Angeluko Notre Dameko serorek tratu txarrak pairatu dituzten emazteak aterbetzen ditu, baina horretarako beharrezkoa da auzitegiaren agindua.Ipar Euskal Herrian ez dago bortizkeria pairatu duten emazteei harrera egiteko zerbitzu berezirik. Egitura gehienak Pauen (Frantzia) daude. Horregatik,bortizkeriari buruzko datu zehatzik ez dago.Salaketak auzitegien kontu dira eta kopuruak Parisen zentralizatzen dira, bertako gizarte eragileek, emazteei laguntza zuzena ematen dizkietenak ere, ez dakite zein den egiazko egoera. Datuak Frantzia osokoak ematen dituzte. 2001ean, Henrion txostenean azaltzen zenez, bost egunean behin emazte bat hil zen bikotekidearen bortizkerien ondorioz. Azken urtean bikotekidearen eskutik tratu txarrak emazteen %10ek jasan dituzte. Erasoen herena bikoteak banatzeko prozesua abiatzen duenean gertatzen da. Bikotekideek hilik, urtean 250 kasu gertatzen dira. Lau milioi emaztek pairatzen dute bikotekidearen tratu txarrak eta bortizkeria.
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Oraindik baliabide nahikorik ez
Euren etxeetatik ihes egin nahi duten emakumeentzat 54 harrera etxe kudeatzen dituzte Euskal Herrian erakundeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu