Gizontasun eredu tradizionala kritikatzen du Jose Angel Lozoya sexu hezitzaileak. Sexismoaren kontra hezitzaileak hezteko jardunaldietan hitzaldi bat egingo du gaur, Bilbon. Gizonezkoei berdintasunak zenbateko mesedea egiten dien azalduko du: «Erosoa da, erantzukizunak eta arazoak partekatzea dakar. Gainera, askatasuna ematen dizu. Nik ez dut emakumerik behar janaria prestatzeko. Ondoan andrerik badut, nahi dudalako da; ez behar dudalako».
Zer da sexualitate maskulinoa?
Denok nahi dugun zerbait da, baina gizonen kasuan gizarteak behartu ere egiten gaitu. Horrek sarri gozatzea eragozten du. Ez digute esaten, «goza ezazu». Baizik eta, «goza ezazu, arau eta urrats hauek jarraituz».
Nork ezartzen dizkigu arau horiek?
Kulturak. Gizonak heterosexuala izan behar du. Emakumeekin izan dezakeen harreman intimo bakarra sexuala da. Gizonei onartzen zaien harreman intimo bakarra sexuala denez, ezin dute ezer intimorik izan beste gizon batekin. Gainera, «ez dago emakume frigidorik, esperientziarik gabeko gizonak baizik» baieztapena gure egiten dugu, eta lehen harreman sexuala ikasi gabe aurkeztu garen azterketa baten parekoa izaten da. Gaizki ateratzen da, noski.
Aldaketarik izan da azken urteetan?
Neskek zer nahi duten esaten dute. Baina, hein berean, gizonezkoak oraindik ere azterketara bezala joaten dira sexu harremanera. Ez dira ekintzako parte sentitzen. Eta, gaur egun, harremana osoa izateko sarketa beharrezkoa dela sinesten dugu oraindik ere.
Harremaneko bigarren pertsona ere gizonezkoa izateak eraginik badu?
Modeloa berbera da. Behin galdetu zidaten ea zertan eragiten duen gizonaren sexualitatean harremanak gizonezko batekin edo emakume batekin izan. Gizonak uste du berari gustatzen zaiona emakumeari ere gustatzen zaiola. Gizonezko batekin harremana izateko galdetu egiten dio ea zer gustatzen zaion, baita hau edo beste egiteko baimena eskatu ere. Egin kontu gizonak, homosexualak edo heterosexualak izan, falokratak eta sartzaileak direla. Nik galdetzen diet neskei: «Badakizu zer den gizonezko bat harreman batean? Ba egin kontu zer izan daitezkeen bi!».
Gizontasuna biologikoa da?
Biologia kontzeptu kulturala da. Sinpletzeko gizonez eta emakumeez hitz egiten dugu, baina badakigu ume bat genital anbiguoekin jaio daitekeela, eta neska edo mutila den jakin ez. Gaur egun, hormonak aztertuta jakin daiteke XX edo XY den. Lehen ez zegoen horretarako aukerarik. Gurasoek aukeratzen zuten zer sexu eman ume horri. Nerabezarora iristen zenean, mutil gisara hezitakoa mutila zen erabat. Hortaz, nabarmena da gure nortasuna sozializazio prozesuaren ondorio dela oso-osoan.
Gizon eta emakumeen arteko harreman sozialak asko aldatu dira?
Legearen aldetik batez ere. Zaila da desberdintasun zantzurik aurkitzea. Egunerokotasunari begiratuz, berriz, gizona dagoeneko ez da familia buru bakarra. Etxeko erabaki garrantzitsuak adostu egiten dira. Etxeko lanak, nahiz eta nahi baino maila apalagoan, banatu egiten dira. Emakumeak etxetik kanpo lan egiten hasi dira, eta euren soldata sarri ezinbestekoa da familia hil bukaerara ondo iritsi ahal izateko.
Zer dago hobetzeko?
Espazioak parekideak izatea lortu behar da. Lehengoan, enpresa garrantzitsuenen administrazio kontseiluen argazkiak agertu ziren prentsan. 80 lagun, 8 emakume. Etxeko erantzukidetasuna ere lotzeko dago oraindik. Benetako aitatasuna praktikatzen hasi behar da. Nortasunaren arloan, azkenik, berdin gisa begiratu behar diogu elkarri, eta ez eskubide eta betebeharren jabe gisa.
Gizonek, oro har, onartzen al dituzte aldaketa hauek?
Jendaurrean horren aurka zaudela esatea ezinezkoa da. Baina esaten denetik errealitatera alde nabarmena egon daiteke. Gizon jator bat ezagutzean, haren bikotekidea ezagutu nahi izaten dut; eta haien etxera joan, mahaia nork zerbitzatzen duen ikusteko.
«Oraindik ere gizonak izan dezakeen harreman intimo bakarra sexuala da»
Gizontasun eredua gizarteak ezarri duela dio Jose Angel Lozoya sexu hezitzaileak. Sinetsita dago hori aldatuz gero gizonen eta andreen berdintasun osoa lortuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu