San Andres batailoiko gudaria izan zen Jose Moreno Espainiako gerra zibilean. Zortea izan zuen, ordea, izan ere, 1937an atzeman zutenean fusilatu egingo zutela esan zioten arren, azkenean kartzelan sartu uzten hiru urtez. "Oraindik ez dute ondo ulertzen zergatik ez ninduten hil eta, aldiz, espetxera bidali ninduten; zail da sinestea horrenbeste urtez bizi izan naizela", dio Morenok The New York Times egunkariak argitaratutako erreportaian.
Raphael Minder kazetariak egin zion elkarrizketa eta aurtengo urtarrilean argitaratu zuen AEBetako egunkariak. Bertan Morenok gogoratzen du nola dantzaldi batean zela entzun zuen lehen aldiz altxamenduaren berri, eta berehala erabaki zuen bolondres joatea. Ordurako ikusia zuen zer ondorio zituzten diktadurek. 14 urterekin, zamaontzi batean lanean zela Italiako portu batera heldu zenean, ikusi zituen Benito Mussoliniren politiken ondorioak: "Beldurrez eta gosez zegoen jendea ikusi nuen. Batzuk ahalegindu ziren guregana hurbiltzen laguntza eta janaria eskatzeko, baina Poliziak debekatu egin zigun ezer egitea".
Kazetariak dio nola bolondres joan eta urtebete eskasera Bilbo esku erori zenean Moreno soldadu italiarren esku erori zen, eta haiek jarraian tropa frankisten esku utzi zuten. Hiru urtez egon zen preso Moreno, 1939an gerra amaitu zen arte. Ondoren, beste hainbat gerra presorekin batera behartutako lanak egitera bidali zuten. Gerra amaituta, gaztetako zamaontzi berera itzultzen ahalegindu zen, baina "gorri separatista" zenez ez zioten horretarako baimenik eman.
Iragana eta oraina
Espainiako politikagintzaz ere galdetzen dio kazeta estatubatuarrak gudari izandakoari eta hark bere kezkak helarazten dizkio, besteak beste, eskuin muturreko Vox alderdiak lortutako emaitzen ingurukoak. "Gauzak bere horretan uzten baditugu, diktadura batera itzuliko gara", ohartarazten du.
Madrilek memoria historikoaren alorrean egindakoei buruz galdetuta, berriz, Francoren gorpuzkiak lekualdatzeaz gain, Morenok dio diktadoreari buruz historia liburuetan jasotzen direnak ere berridatzi beharko liratekeela. "Hitlerrek, Mussolinik eta beste faxista eta gerra kriminalek jasotzen duten tratu bera jaso beharko luke".