Politika

Oraindik ez dute zehaztu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioko data

Gaur hasi dira legealdiko bilerekin Eusko Legebiltzarrean. Bozeramaileen Batzordeak aho batez gaitzetsi ditu ETAren azken mehatxuak. Hamar parlamentarik eratu dute Bateraezintasunen Batzordea.

2009ko apirilaren 15a
19:03
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak gaurko bileran ez du Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzeko inbestidura saiorako datarik zehaztu. Hala ere, bi-hiru astera izango dela aurreikusita dago eta, PSE-EEren eta PPren akordioaren arabera, Patxi Lopez sozialista izango da lehendakaria. 1999tik Juan Jose Ibarretxe EAJko kidea da -beti EAJko kidea izan da Jaurlaritzako buru-.

Apirilaren 3an osatu zuten Mahaia, eta Arantza Quiroga (PP) presidente hautatu, PSE-EEren eta bere alderdiaren botoekin. Blanca Roncal (PSE-EE) presidenteordeak, Iñigo Iturrate (EAJ) bigarren presidenteordeak, Jesus Loza (PSE-EE) idazkari nagusiak eta Mikel Martinez (EAJ) bigarren idazkariak osatzen dute Mahaia.

Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordeak ere batzarra egin du gaur, Gasteizen. 75 legebiltzarkideen eserlekuak eta taldeen kokalekua eta bulegoak banatu dituzte. Batzar horretan, ETAren azken mehatxuak gaitzesteko eskatu du PSE-EEk, eta aho batez onartu dute. Legebiltzarrak onartu duen lehen ekimena da hori. ETAk igandean ateratako agirian zioen "lehentasun" gisa hartuko duela Jaurlaritza berria.

EAJk (30), PSE-EEk (25), PPk (13), Aralarrek (4), EAk (1), EBk (1) eta UPDk (1) dituzte ordezkariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parlamentuan. Lehen aldiz ezker abertzaleak ez du ordezkaritzarik izango Eusko Legebiltzarrean, hauteskundeetan baliogabe utzi baitzituen Espainiako Justiziak D3M herri plataforma eta Askatasuna alderdi politikoa. D3Mk, hala ere, botoak eskatu zituen, eta 100.000 jaso zituen.

Bateraezintasunen Batzordea gaur eratu dute eta hamar legebiltzarkidek osatuko dute: Jose Maria Gonzalez (EAJ), Ricardo Gatxagaetxebarria (EAJ), Miren Gallastegi (PSE-EE), Jose Luis Anda (PSE-EE), Carmelo Barrio (PP), Laura Garrido (PP), Dani Maeztu (Aralar), Mikel Basabe (Aralar), Jesus Mari Larrazabal eta Mikel Aranak (EA-EB, talde mistoa).

Hala ere, Bateraezintasun Batzordeak txosten bat aurkeztu beharko du hilaren 23an; Ganberak onartu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.