Indarkeriaren biktimak

«Oraindik orain, inork ez digu barkamenik eskatu»

Poliziaren indarkeriaren biktimei egindako onarpena «hobetu» daitekeela uste du Ines Nuñezek; aita hil zioten 1977. urteanEusko Jaurlaritzaren dekretua «berandu» iritsi dela aitortu du Idoia Mendiak

Bilbo
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Nire aita nirekin egotea nahi nuke, ez ezagutzarik». Urte askoan gordetako sentimenduak azaleratu zituen atzo Ines Nuñezek, eta ezin izan zion negarrari eutsi. Francisco Javier Nuñez zuen aita: 1977an, manifestazio baten parean igarotzen ari zela Espainiako Poliziak emandako jipoia salatzeagatik torturatu eta erail zuten, Bilbon, errizino olio eta likore litro bana edatera behartuz. Nuñezek adierazi du Eusko Jaurlaritzak onartutako Poliziaren gehiegikerien biktimen inguruko dekretua lagungarri dela «mina jasateko», baina, bestalde, Espainiako Estatuko botere publikoei mintzatu zaie: «Oraindik orain, inork ez digu barkamenik eskatu».

EITBko Bilboko egoitzan egin ditu Nuñezek adierazpenak, Poliziaren indarkeriaren biktimei ezagutza emateko Jaurlaritzak antolatutako lehen ekitaldian. Halaber, Norengatik ez da ari kanpaia dokumentala aurkeztu zuten bertan —bederatzi biktimaren senideek emandako lekukotasunak biltzen ditu—. Nuñezek azaldu duenez, harentzat «oso zaila» da dokumentala ikustean izandako «sentimendu bortitzak» laburtzea. Haren ustez, dokumentalean ageri den biktima bakoitza «ezberdina» da, «Euskadikoa gizarte plurala den seinale argia». Pertsona bakoitzak «identitate eta errealitate desberdina» duela esan, eta, horren ondorioz, «biktima guztien bozeramaile» izatea ukatu du.

Bide batez, Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak egindako lana eskertu nahi izan du: «Erakundeen onarpena da ondoren egin daitezkeen ekitaldi guztien oinarria». Alabaina, onarpen hori «hobetu» daitekeela azaldu du Nuñezek,eta galdegin du Poliziaren gehiegikeria sufritu duten pertsonakbiktima gisa onartzeko denbora esparrua «1978tik aurrerako urteetara ere luzatzea».

Espainiaren «betebeharra»

Nuñezek gaineratu duenez, Espainiako Gobernuak biktimen aitortza egiteko «betebehar legezkoa baina batez ere etikoa eta morala» dauka: «Herritarren bizitza eta osotasun fisikoa bermatzera behartuta dago nazioarteko arauen arabera, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren arabera, esaterako». Gogora ekarri du Espainiako Estatuak itun horiek «berretsi» dituela. «Espainiako zuzenbidearen parte dira».

Denbora luzean, aitarena «kasu bakartua» zela uste izan du Nuñezek, baina Jaurlaritzak dekretua onartzearekin batera jakin zuen «indarkeria hori behin eta berriz errepikatu zela». Haren irudiko, «ezerk ezin du justifikatu» pertsona horiek jasan behar izan zutena, «ezta ETAren mehatxu ikaragarriak sortutako beldurrak ere». Poliziaren bortizkeriak «helburu politiko bat» zuela adierazi du Nuñezek: «Errepresioa herri oso bati egindako mehatxua zen». Hala ere, haren iritziz, horrek ez luke justifikatuko ETAren «eta haren inguruaren» indarkeria, eta ez litzateke baliagarria izango Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari «erakunde gisa» zilegitasuna kentzeko. «Indarkeria beti da deitoragarria».

Bestalde, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek duela bi aste egindako adierazpenei erantzun die Nuñezek, eta Poliziaren gehiegikeriaren biktimak «zeharkako kalteak» izatea ukatu du. «Iraina iruditu daitekeena errealitatean aurrerapauso bat da, erabateko ezerezetik bigarren mailako biktimak izatera igaro garelako». Ostera, Nuñezen irudiko, biktima guztiak «garrantzitsuak» dira eta «eskubide berak» dituzte. Ondoren, berriz azpimarratu du aita eta beste biktimak ez zirela halabeharrez zendu. «Argi gera dadila. Nire aitaren hiltzaileek jipoi bat eman nahi zioten, gero hiltzeko. Berariazko indarkeria izan zen». Azkenik, botere publikoei «barkamena eskatzeko ordua» dela gogorarazi die. «Ekintzak ez dira behar bezala ikertu, eta errudunek ez dute egindakoa ordaindu».

«Berandu iritsi gara»

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta bozeramaile Idoia Mendiaren ustez, onartutako dekretuaren bidez erakundeak «lehen urratsa» egin du biktimak onartzeko. Hala eta guztiz ere, egitasmoa «berandu» iritsi dela eta «hobetu» daitekeela aitortu du. Mendiak azaldu duenez, hiru helburu bete nahi izan ditu Jaurlaritzak arau horren bitartez: biktimek «bidegabekeria» jasan dutela aitortzea, «erakundeen ahanztura amaitzeko beharra» onartzea eta ordaintzeko neurriak finkatzea. Haren esanetan, «demokraziaren aurreko garaian zenbait funtzionariok egindako gehiegikeriak onartzea da indarkeriari zilegitasuna kentzeko arrazoibidea sendotzeko modurik onena».

EITBko zuzendari Alberto Suriok, berriz, dokumentala «konplexurik eta beldurrik gabe» egin dutela ziurtatu du. Hark adierazi duenez, lan hori egin izanaren asmoa ez da «inongo indarkeriari aitzakiarik ematea edo gezurretako distantziakidetasunik bilatzea». Irrati telebista publikoak «demokraziaren eta memoriaren mapa eraikitzeko erantzukizun handia dauka», EITBko zuzendariaren irudiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.