Oraingoa, «pozarren»

Protagonismo nahitik urrun, umil hartu du Txillardegik EHEren omena, gogoratuta lehenago uko egin izan diela horrelako ekitaldiei. Elkartearen sorreraz aritu da, eta orduko aldarrikapenak bizirik daudela adierazi du.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ezetz esan zuen orduko hartan, ez zuela jaso nahi Euskaltzaindiaren omena, ez zuela ohorezko euskaltzain izan nahi. Ez zegoela ados, eta ez zuela jasoko. Hori bera gogoratu zuen atzo: «Dakizuenez, ez ditut beti beste gorazarre batzuk onartu». Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k jaso du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako omenaldia, herriak gora jasota. «Pozarren hartzen dut, beti ideia berak defenditu ditudalako». Ezin bestela, elkartearen sortzaileetakoa izan baita. Hartu zuen atzo omena, baina ez zen hitz handitan galdu. Mezua utzi zuen, manifestazio jendetsuaren ondoren: «EHE sortu genuenean, ez genuen sumatu ere egiten noraino izango zen beharrezkoa». Urteak igarota, orduko aldarriari eutsi dio: «Euskal Herri osoan euskarak ezinbesteko izan behar du».

Bere buruaren gorazarre eginez ez, manifestazioaren goiburuaren harira hitz egin zuen Txillardegik. Burujabetza eta euskarak lehentasunezko izatea aldarrikatu zituen: «Bagenekien elebitasun orekatuaren ideia ipuin hutsa dela. Edozein herritan ikusi da hizkuntza bat nagusitzen dela». Hala, EHEk helburu zuena eta gaur egun duena nabarmendu zituen: «Lortu nahi dugu euskarari lehen maila ematea». Hori esanda agurtu zituen Bulebarrean batutako milaka manifestariak, eskerrak eman ondoren.

Hitz gutxikoa, baina esanahi handikoa izan zen ekitaldia. Dantzarien eta bertsolarien agur eta esker onarekin batera, EHEk opari egin zion sortzaile izan zuenari; euskal makina eta erretratu bat eman zizkioten Txillardegiri.

«Ez du inolako milikeriarik»

Bere buruarena egin ez, eta Joxe Agustin Arrietak egin zuen Txillardegiren ibilbidearen bilana. Euskaltzain ez izatearen arantza nabarmendu zuen: «Euskara batuaren aita da, hark egin zuen harrobi lana. Baina ez da euskaltzain oso. Lotsagarria da denontzat; seinale bat da, nolako herri gaixoan bizi garen». Euskara batuari ez ezik, literaturari eta soziolinguistikari ekarria egin diola goraipatu zuen Arrietak. Eta, ezeren gainetik, Txillardegiren apaltasuna eta ekimena: «Ez du inolako milikeriarik pankarta bati heltzeko ere. Inor izan bada koherentea, Txillardegi da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.