EPAITEGIAK

Ordena publikoaren kontrako falta bat egotzita, 750 euroko isuna ezarri diote andre bati

Guardia Zibilarekin tirabirak izan ostean atxilotu zuten otsailaren 8an, Tafallan. Guardia Zibilak "neurri gabe" jokatu zuela salatu zuten hainbat lekukok.

Guardia Zibilaren aurkako protesta Leitzan, 2013an. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 3a
08:48
Entzun

Iruñeko 4. Zigor Auzitegiak 50 egunez 15 euroko isuna ordaintzera zigortu du emakume bat, Guardia Zibilarekin izandako eztabaida baten ostean. Ebazpenaren arabera, otsailaren 8ko goizaldean Guardia Zibila egiten ari zen kontrol batera joan zen andrea, abokatua lanbidez, esanez guardia zibilek atxikia zuten pertsonaren abokatua zela.

Epaileak ebatzi duenez, abokatua "mespretxuz" mintzatu zitzaien poliziei, besteak beste esanez "maiatzaren 25etik aurrera [udal eta foru hauteskundeen biharamunean] Albacetera" joango zirela. Gainera, "iseka" eginez galdetu zion bati: "Zuk torturatu al zenuen Eneko?".

Ordena publikoaren kontrako falta bat egotzita zigortu dute abokatua, eta helegitea jar dezake Nafarroako Auzitegian. "Aginteari erresistentzia" egitea leporatuta atxilotu zuten, baina epaileak uste du ez zela halakorik izan.

Grabaketa

Guardia Zibilak gertatutakoa grabatu izanaz, epaileak nabarmendu du grabaketa horretan akusazioa egiteko gertakariak jasotzen direla. Halaber, "interes handikotzat" jo du epaileak Guardia Zibilak bere jarduerak grabatzea, poliziak "babestu" egiten dituelako "edozein abusu egozteaz".

Lekukoek salatu zutenez, poliziek jarrera "probokatzailea" izan zuten gau hartan, eta abokatua ordezkari publikoei deitzekotan zenean, sakelako telefonoa kendu zioten guardia zibilek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.