OSASUNA

Ordezkapenak euskaraz egiteko neurriak iragarri ditu Darponek

Osakidetzak jarraibide bat zabalduko die ospitaleei, oporretako ordezkapenak egitean hizkuntza kontuan har dezaten. Ezin badute euskaldunik jarri postu elebidunetan, hori justifikatu beharko dute zuzendaritzaren aurrean.

Zumaian, mediku euskalduna eskatzeko protesta. GORKA RUBIO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko ekainaren 12a
10:34
Entzun

Gorabeherak izan zituen iazko udan hainbat herritako osasun etxeetan. Mediku euskaldunek oporrak hartu, eta ordezko erdalduna bidali zieten. Protesta ere egin zuten zenbait herritan, eta lortu zuten egoera aldatzea. Aurten, uda aurretik hasi dira gaiaz ohartarazten Kontseilua eta beste elkarte batzuk. Mediku elebidunak elebidunekin ordezkatzeko eskatu dute, eta hala egiten ez duten kasuak salatzeko bide bat ere jarri dute.

Neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Eusko Legebiltzarrean hitz egin du Jon Darpon Osasun sailburuak, EH Bilduk galdera eginda. Adierazi du hutsuneak izaten direla batzuetan ordezkapenetan, ez dituztela postu elebidun guztietan ordezko euskaldunak jartzen. “Une jakin batekoak izaten dira, eta iraupen motzekoak”. Bi arrazoi aipatu ditu: “berehala” egin behar dutela ordezkapena kasu batzuetan, eta behar adina mediku elebidun ez daukatela zerrendetan.

Uda ate-joka dela, postu elebidunetan ordezko euskaldunak jartzeko neurriak iragarri ditu Darponek. Jarraibide bat bidaliko du zuzendaritzak osasun etxeetara, lanpostu elebidunetan ordezko elebidunak jar ditzaten. Besteak beste, osasun etxeek postu horietan erdaldunak hartzen badituzte, esplikazioak eman beharko dizkiote zuzendaritzari, zergatik egin behar izan duten hori. Osakidetzak berak hitzeman du zerrenda gaurkotuak jarriko dituela. Uztailerako prestatuko dute jarraibidea.

Beste aukera batzuk aztertzen ari direla ere jakinarazi du Osasun sailburuak. Kontratazioak egitean, beste zerrenda batzuetako hautagaiak hartzea bideragarri ote den aztertuko dute. Bestalde, azaldu du badirela Osakidetzan euskaraz jakin bai baina titulurik ez duten medikuak —euskaldun zaharrak dira gehienak, euskaraz jakin arren ez dutenak titulurik lortu—; horiei gaitasuna aitortzeko eredua aztertzen ari dira.

Darponek aitortu du zerbitzua euskaraz ez emateak kalitatean eragina daukala, eta itxaropena agertu du “arazoak gutxitzen” lagunduko dutela neurriek. EH Bilduko parlamentari Rebeka Uberak ontzat jo du neurriak hartzea, baina ohartarazi du “planifikazioa” ezinbesteko dela Osakidetza euskalduntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.