Hona hemen Berriak atzo Bizkaiko Gobernu Militarreko ordezkari batekin izan zuen elkarrizketa, hitzez hitz, azken egunetako maniobrei buruz. Arduradunak ez zuen identifikatu nahi izan.
Maniobrak amaitu al dira?
Bai. Soldaduak beren jatorrizko baseetan daude , Alcala de Henaresen (Madril).
Zein zonatan egin dira maniobrak?
Errioxan, Gaztela-Leonen eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
Federico Trillok adierazi zuenez, maniobra hauek duela 20 urte egiten dira eta ohikoak dira. Hala al dira?
Ohiko maniobrak dira, urtero egiten dira. Ez dakidana da ea 20 urtetan egin diren.
Despliegea urteroko bera al da?
Bai, despliege bera da, soldadu kopuru berarekin.
Tropak izan diren herrietako alkateek adierazi dutenez, inork ez die jakinarazi beren herrietan maniobra militarrak egingo zirenik. Zuek jakinarazi al diezue?
Guk Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaordetzari bidali genion informazioa. Tramite hori egin genuen, beste batzuetan bezala.
Eta Ordezkaritzaordetzak jakinarazi beharko al lieke udalei?
Ez dakit.
Normala al da soldaduak herri barruan sartzea?
Hori ez dakit. Espainia osoan egiten diren maniobretan modu berean jokatzen da. Mugimendu bat egiten denean ezin dira zenbait gune saihestu.
Helikopteroek hegaldiak lurretik metro gutxira egin dituztela salatu dute erakundeek eta herritarrek.
Helikopteroek gehienezko altuera mugatuta dute, aire nabigazioarekin arazoak saihesteko. Unitate horiek duten segurtasun hegaldien neurrietara egokitu ziren. Helikopteroak ezin du altuera askora igo, aire trafikoan sartzen baita.
Eta ba al dute gutxieneko altuera mugarik?
Ez dakit.
Herritarren edo erakundeen kexarik jaso al duzue Bilboko Gobernu Militarrean?
Ez.
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaordetzan kexarik jaso ote duten ba al dakizue?
Ez.
Jarraitu al duzue maniobrek Euskal Herriko hedabideetan izan duten oihartzuna?
Bai. Irakurri ditugu. Iritziak dira.
ESPAINIAKO ARMADAREN MANIOBRAK
«Ordezkaritzaordetzari jakinarazi genion maniobrez»
Bizkaiko Gobernu Militarretik informazioa pasa zutela baieztatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu