Gregorio Ordoñez ETAk 1995ean hil zuen PPko legebiltzarkideari omenaldia egin diote gaur Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen ere, omenaldi hori baliatu du Ana Iribar Ordoñezen alargunak Jaurlaritza eta EAJ gogor kritikatzeko; funtsean, ETAren biktimekin egiazko konpromisorik ez izatea egotzi die, eta balioa kendu dio gaurko ekitaldiari.
Omenaldia senarra hil eta 13 urtera egitea kritikatu du lehendabizi Iribarrek: atzerapena "Eusko Jaurlaritzak eta EAJk ETAren bitkimen alboan egoteko falta dituzten sentsibilitatearen eta egiazko konpromisoaren" adierazle dela salatu du.
"Plaka honek zentzua izango luke gaur, baldin eta keinu hutsean geratzeaz gain ANV Arrasateko Udaletik kentzea onartu izan balu EAJk. Plaka honek zentzua izango du EAJk ETAren helburu politikoak, eta, ondorioz, lepondoan tiro ematea, ezkutatzen, bultzatzen eta partekatzen dituztenekin apurtzen duenean, edozein sigla erabiltzen dutela ere. Bitartean, Gregorio Ordoñez askatasunaren aldeko borrokalari gisa gogoratzen duen plaka hau baliorik gabeko brontze zati bat besterik ezda izango", adierazi du.
Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren kontra ere hitz gogorrak egin ditu Iribarrek; Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidenteari eskatu dio lehendakariari "mespretxu handiena" helaraz diezaiola, "desleialkeriaz, hipokresiaz eta koldarkeriaz" jokatzen duela iritzita.
Politika
Ordoñezen alargunak kritika gogorrak egin dizkie Jaurlaritzari eta EAJri Legebiltzarrean, senar zenaren omenaldian
ETAren biktimen alde egiteko "egiazko konpromisorik" ez izatea leporatu die Ana Iribarrek. Senar zenaren omenez Eusko Legebiltzarrean jarritako plakak ez duela baliorik adierazi du, harik eta EAJk "ETAren helburu berekoekin" apurtzen duen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu