'CAN auzia'

Ordu erdiko hamasei bileratan, Sanzek 30.016 euro kobratu zituen, eta Barcinak, 19.216

Nafarroako Kutxak auzitegira bidalitako aktetan egiaztatzen da Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra hamasei aldiz bildu zela, eta bertan Alvaro Miranda eta Enrique Maia alkatea ere izan ziren. Miguel Sanzek parlamentuan agerraldia eskatu du, kutxaren kudeaketaren gainean hitz egiteko. Kontuz-ek esan du batzorde iraunkorra "legezko euskarria" izan baino ia urtebete lehenagotik existitzen zela.

joxerra senar
2013ko martxoaren 7a
17:38
Entzun

Diario de Noticias-ek argitaratu du gaur informazioa. 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko irailaren 26ra Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra hamasei aldiz bildu zen zortzi egunez: egun bakoitzean ordu erdiko bi bilera egiten zituzten. Eguneko, Miguel Sanzek 3.752 euro garbi kobratzen zituen, eta Yolanda Barcinak, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak eta Enrique Maiak, 2.402 euro garbi. Maia bi egunez baino ez zen bildu, eta gainerako hirurak, zortzi egunez.

Maria Paz Benito epailearen aginduz Nafarroako Kutxak Iruñeko 3. Instrukzio epaitegira igorritako aktetatik ateratako informazioa da. Aurrezki kutxak ez zuen ematen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren berri, eta ez zuten jakinarazi bilera horietan politikari horiek parte hartzen zutela. 2010. urte hasieratik indarrean ziren estatutu berrituen ondorioz, ordezkari politikoak CANeko organoetatik kanpo zeuden, baina ezkutuan batzorde horretan biltzen ziren diru oparoak jasotzeko.

Gaur kaleratu den informazioaren arabera, Miguel Sanzek guztira 42.880 euro gordin kobratu zituen. Zerga atxikipena ezarrita, 30.016 euro garbi jaso zituen CANeko presidente ohi eta Nafarroako lehendakari ohiak. 2010ean, 7.504 euro garbi jaso zituen bi egunetako bileren truke, eta 2011n, 22.512 euro. Aralar-NaBaik eskaera egin zuen duela bi aste parlamentuan ager zedin, eta Sanzen erantzuna honako hau izan zen: “Ahatz daitezela nirekin”.

Yolanda Barcina urte luzez aurrezki kutxako kontrol batzordeko presidente izan zen. Behin kargu hori utzita, batzorde iraunkorretik guztira 27.472 euro gordin jaso zituen; zergak ordainduta, 19.216 euro garbi. Kopuru bera jaso zuen Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Enrique Maia Iruñeko alkate izendatu ostean sartu zen Batzorde Iraunkorrean. Azkena izan zen iristen, eta abuztuaren 30ean eta irailaren 26n bildu zen. Horregatik, 4.804 euro garbi jaso zituen.

Noticias-ek kaleratu duenez, ezkutuko batzorde iraunkor hori 2010eko uztailaren 23ko bileran ofizializatu zuten aurrezki kutxako langileen eta soldaten batzordean. Bertako kide ziren Ricardo Marti Fluxa eta Jose Antonio Asiain kontseilariak. Hain zuzen, egun hartan, Banca Civica bankuak —bertan zen Nafarroako Kutxa— kale egin zuen Europako lehen estres azterketetan.

Batzorde hori desegin zen 2011ko urrian publiko egin zelako. Barcinak hauteskunde orokorren bezperan iragarri zuen informazio hura jakinarazi aurretik desegiteko asmoa bazuela. Hala ere, ezkutuko bilera horietan zenbat diru jaso zuten jakitea falta zen. Eskaera hori egin zioten oposizioko alderdiek Enrique Goñiri iragan otsailaren 19ko agerraldian, baina horrek ez zien akten kopiarik eman parlamentuko alderdiei. Auzitegiari, ordea, ezin izan dio uko egin CANek. 

Miguel Sanzek parlamentuan agerraldia eskatu du, Nafarroako Kutxaren kudeaketaren inguruan hitz egiteko. Carlos García Adanero UPNko bozeramailearen bitartez aurkeztu du eskaera.

Sanzek Efe berri agentziari egindako adierazpenetan esan du ez duela "ezkutatzeko ezer", eta haren helburua Nafarroako Kutxan gertatutakoa "argi azaltzea" dela.

Kontuz-en agerraldia

Gaur arratsalderako prentsaurrekoa deitu du Kontuz plataformak. Patxi Zamora bozeramaileak azaldu du Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorra 2011ko ekainean azaltzen dela lehenengoz CANeko organigraman, baina batzordea 2010ko abuztuaren 31tik zegoela martxan. Zamoraren arabera, ez dago "legezko euskarririk" dietak pagatzeko; orduan Batzorde Iraunkorra ez zen "existitzen". Euskarririk egon ez arren, "bi ordutan Sanz, Barcina eta Miranda bildu ziren 12.228 euro euren artean banatzeko".

Kontuz-ek gainera uste du "irregulartasuna" dela Sanz talde horren parte izatea gobernuko presidentetza utzi ondoren. "Uneoro beste edonork baino gehiago kobratu zuen", esan dute. Elkartearen arabera, Barcinak baino gehiago kobratu zuen, hura batzordeko presidente izan zenean ere.

Sanzek 2011ko uztailaren 1ean batzordea utzi behar zuela gaineratu dute, legediaren arabera. "Ez zuen egin, jarraitu egin zuen eta legez kanpo lau alditan kobratu zuen".


   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.