Jaurlaritza

Oregi: "Hau ez da oraindik amaitu"

Jaurlaritzaren gobernu bileran denboraleak eragindakoak aztertu dituzte, baina ez dute daturik eman nahi izan, bihar eta etzi kostaldean izan daitezkeen olatuek kalte handiagoak eragin ditzaketelako, Ingurumen sailburuak azaldu duenez.

2014ko otsailaren 4a
08:08
Entzun

Daturik emateko "goizegi" dela iruditu zaie gobernuko ordezkariei, kezkaturik daude-eta etor daitekeenari begira. Biharko eta etziko iragarrita dagoen denboralea ez da asteburukoaren neurrikoa izango, baina kostaldea "ukituta" dago, babesa galdu du, eta hori dela-eta kalteak egon daitezkeela ohartarazi du: "Komeni da apur bat itxarotea". Biharkoa eta etzikoa igaro ostean egin ahal izango dute "gutxi gorabeherako bat".

Horrez gainera, Jaurlaritzak emango dituen aholkuei "adi" egoteko eskatu die herritarrei, "abisu guztiei kasu" egiteko eta "kontuz" ibiltzeko.

Bizkaiko datuak

Datu zehatzagoak eman ditu Bizkaiko Diputazioak; ez osoak, dena den. Unai Rementeria Bizkaiko Diputazioko bozeramaileak kopuruen "behin-behinekoak" eman ditu: bi milioi euroren kalteak izan dira Bizkaiko 28 hondartzatan. Dena den, hondartzen inguruan aritu da soilik, portuetan izan direnak "Espainiako Gobernuaren eskumena" direlako, zehaztu duenez. Hortik kanpora utzi ditu herritarrek beren negozio eta etxebizitzatan jasandakoak ere.

Gipuzkoako errepideak

Gipuzkoako Aldundiak 400.000 euro bideratuko ditu errepide sarean izandako kalteak konpontzeko, eta diru zati handiena Zarautz eta Getaria arteko errepidera bideratuko du (103.000 euro). Errepide hori otsailaren 28rako konponduta egongo da, eta bien bitartean, zabalik egongo den arren, bide bakarra egongo da irekita, baterako eta besterako trafikoa semaforo bidez kontrolatuta. Hala ere, itxita egongo da, bihar eta etzi alerta laranjak iraun bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.