Joan den urrian AHTaren lanetan Hernialde parean (Gipuzkoa) agertutako zuloaren inguruan galdera egin dio Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak Ana Oregi Lurralde Politika sailburuari. Urriaren 15ean jakinarazi zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari zuloa zegoela, eta hilaren 20ean Hernialdeko alkateari zein zuloa agertutako lurraren jabeari. Egun batzuk lehenago jada agertuak ziren, ordea, arazoaren lehendabiziko zantzuak: urriaren 6an, hain zuzen. Urriaren 6 eta 15 artean zuloa estaltzen saiatu zirela erran du Oregik, baina 15ean lur jausi handiagoa izan zela. Oregik azaldu du prozesu bat izan dela zuloarena, eta hasieran ez zietela ingurukoei abisatu arazoaren neurria ez zelako handia. Matutek salatu du azaroaren 28an emandako azalpenetan ez zela inon ageri urriaren 6ko datarik.
EH Bilduko legebiltzarkideak ikerketa geoteknikoen eraginkortasunari buruz ere galdetu dio Oregiri, eta honek erantzun dio ingurunea karstikoa izanik, ezinezkoa dela halakoak aurreikustea. Are, arrunta dela gertatzea, baina ez non eta noiz jazoko den. Matutek salatu du 1,45 milioi euro balio izan dutela aurretik egindako ikerkete geoteknikoek, eta zuloa estaltzen 3,1 euro erabiliko direla. "Gainkostu" horiek gizarte osoari eragiten dietela salatu du.
Segurtasuna eta konponketak
Gaur egun zuloa estali eta konpontzeko lanetan ari direla ohartarazi du Oregik, eta lurraren jabearekin akordio bat egina dutela jada azaroaren 13tik. Segurtasunari dagokionez, neurriak betetzen dituztela azaldu du. Zuloa betoiz eta lurrez estali eta 2015eko martxorako ingurua leheneratua egonen dela segurtatu du.