Martxoan hasi ziren Donostian organikoa biltzeko edukiontzi marroia erabiltzen. Bilketa bereziki igo da maiatzean eta ekainean. Udalak emandako datuen arabera, apirilean 78,7 tona bildu zituzten, maiatzean 96, eta ekainean 120. Uztailean 160 tonara heltzea aurreikusi dute.
Sistema berria Donostiako 13.410 familia ari dira erabiltzen (%17,58); udalaren helburua, baina, %40ra iristea da. Ia mila saltokik ere bat egin dute horrekin. Auzoka, Altzan %31,68ek erabiltzen dute edukiontzia, Grosen %25,80ek, Ategorrieta-Ulian %18,80ek eta Egian %17,93ek. Erdigunean datua %12,12koa da.
Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak aurreratu du sistema ezartzeko prozesua asteazkenean amaituko dela. Hala ere, informazio kanpainak irailera arte iraungo du.