Garaipena etxean geratu da. Tolosarekin lehia estuan, Oriok irabazi du Kilometroen karietara gaur goizean egin den kirol erronka. Adriana Campoyk, Eneko Santamariak Iñigo Mugikak eta Hossain Kaanachek osatutako taldeak 36 minutu eta 37 segundo behar izan ditu igeriketa, bizikleta, ergometro eta korrika probak egiteko, Tolosako taldeak baino 26 segundo gutxiago. Hirugarren sailkatua izan da Usurbil, eta laugarrena Zarautz.
Lehen bi probak Tolosak irabazi baditu ere, Orioko taldea finago ibili da ergometroan eta lasterka. Lehia eta ikuskizun polita izan da lau taldeen artean. Eguraldi ona lagun, goiza aurrera joan ahala jende dezente bildu da Orioko plazan. Helburua Kilometro egunean gazteen artean egingo Erronkari begira giroa berotzen joatea izan da, eta ikastetxeak izen ematera animatzea. Hala, goi mailako kirolarien arteko kirol demaren ostean, Erronka horretan jokatuko den probetako batean aritu dira Orio, Tolosa, Usurbil eta Zarautzeko ikastoletako haurrak: mosaikoan.