EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekarien atxiloketak eta presoen eskubideen alde Bilbon eginiko manifestazio jendetsuak eman zioten abiapuntua urte informatiboari urtarril hasieran, eta hamaika gertakari izan dira harrezkero. Konponbide prozesuan, esaterako, otsailean Nazioarteko Bitartekari Taldeak ETAren armagabetze prozesuaz eginiko iragarpenak utzi zuen historiarako irudia.
Erabakitzeko eskubidearen sozializazioan sakontzeko urtea izan da 2014a. Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza katea izan da aspaldiko ekitaldirik jendetsuena, eta Euskal Herriaren independentziaz galdeketak egin dituzte Etxarri-Aranatzen eta Arrankudiaga-Zollon.
Egunkaria auziaren behin betiko amaiera, Nestor Basterretxea eskultorearen heriotza, .eus domeinua, Loreak filma... Izen berezi eta protagonistaz josita dago amaitzear 2014a.