Nafarroako Gobernuaren arabera, Ororbia iparraldeko larreetan 15:30ean sutea piztu da eta haize ufada handien eraginez, herriko etxe zein enpresa batzuetako hesietaraino heldu dira su garrak. Dena den, Gobernuaren arabera, ez da beharrezkoa izan etxeak hustea.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek Cordovilla, Lizarra, Tafalla, Azkoien eta Zangozako suhiltzaileak mobilizatu dituzte, baita hiru helikoptero eta hegazkin bat ere.
Gobernuaren arabera, suak Zabalgaña kaleko etxeen atzealdera heldu dira. Kayaba fabrikako hesiraino ere iritsi zen sua eta bertako sutearen alarmak jo ostean, langileek enpresa utzi dute. Gobernuaren arabera, suteen aurkako enpresako zerbitzuak ere parte hartu dute itzaltze lanetan.
Suak NA-700 errepide bazterrean den Villa Miranda haztegira ere heldu da, eta kalteak eragin dizkio. Ororbia eta Ibero arteko NA-700 errepidea moztu zuten, baita NA-7010 errepidea ere. Behin sutea kontrolpean, 18:45ean berrireki dute.
Nafarroako Gobernuaren arabera, 293 hektarea erre ditu suak, batik bat sastraka. Hala ere, lau hektareako pinudi bat ere hartu du eta eguzki-lore soro bat ere erre du. Kontrolpean eduki arren, suhitzaileek itzaltze lanetan jarraitzen dute, kea eragiten dute bazterrak buztiz eta sua erabat itzaliz. Haizeak sua berrindartuko duela eragozteko, talde bat geratuko da gau osoan.