Ortuzar: «Bilduko diputatuak gutxitan joango dira Madrilera»

Sabin Etxeko bilera «Bilduren lehen ekitaldi elektorala» izan zela adierazi du buruzagi jeltzaleak

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gogor mintzatu zen atzo Andoni Ortuzar Bilduren eta batez ere ezker abertzalearen aurka, Herri Irratian egin zioten elkarrizktan. EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakariaren arabera, «ziurrenera Bilduko diputatuak eta senatariak gutxitan joango dira Madrilera», Espainiako Kongresuko eta Senatuko aulkietara.

Ortuzarrek ezker abertzaleari leporatu dio orain «deskubritu» izana Madrilen «herri bat defenditu beharra» dagoela, «gu beti bakarrik egon baikara, ezker abertzalea sekula ez da han izan, eta orain lezioak eman nahi dizkigu».

Joan den astean Sabin Etxean EAJk, ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin egin zuen bilera «Bilduren lehen ekitaldi elektorala» iruditu zitzaiola ere esan zuen BBBko lehendakariak. «Inork ez du pentsatu ere egiten PSOEk eta PPk bat egin behar dutela Espainian; ez dakit zertan batu behar garen Euskadin EAJ eta ezker abertzalea», erantsi zuen.

Hauteskunde aliantzarako ez, baina elkalarlanerako prest dagoela esan zuen EAJk, baina horretarako bi baldintza ezarri ditu Ortuzarrek: «Lehenik funtsezkoa da ETA desagertzea; bigarren, ezker abertzaleak onartu beharra dauka demkrazian hurkoari errespetua zor zaiola, izan ere beraiekin edo berek nahi dutena egiten duzu edo traidorea zara».

Asteburuan hainbat hedabidek zabaldu dutenez Auzitegi Konstituzionalak egun gutxi barru Sorturen ilegalizazioari buruzko epaia eman dezake. Horri buruz ere mintzatu zen Ortuzar. Buruzagi jeltzalearen ustez «deigarria da horrelako prozesuak hauteskunde garaian izatea».

Ezker abertzaleak ere prentsa ohar bat igorri zuen atzo, asteburuan hedabideetan agertutako berri horiei buruz. Ohar horretan «berehalakoan» hartu beharreko neurritzat jo ditu «Sortu legeztatzea eta 'Parot doktrina' bertan behera uzteko erabakiak», ezker abertzaleare n ustez «eskubideen urraketarekin amaitzeko urrats handia egingo litzatekeelako eta, hein berean, posible egingo lukeelako baldintza bertsuetan elkarrizketa normalizatua gure herriko indar politiko guztien artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.