Maiatzaren amaieran egunkari honek jakin zuenez, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek gutunak bidali zizkieten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta EAJren EBBri, "deserriratze eta sakabanaketa politikak" amaitzeko euren esku dagoena egin dezatela eskatuz.
Asteburuan, EBBren izenean, Andoni Ortuzar buruzagi jeltzalea izan da gutunei erantzun diena, esanez EAJk "denbora luzea" daramala espetxe politikak aldatzeko eskatuz: "Eskaera hori aurkeztu dugu ordezkaritza dugun instituzio guztietan, duela gutxi baita Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan ere".
EBBko buruak ukatu egiten du jeltzaleek duela 30 urtetik indarrean den sakabanaketa politika bultzatu izana, eta zehazten du presoen kolektibotik atera eta etorkizunari buruz "euren kabuz erabaki" nahi zutenen nahiak soilik babestu zituztela. Alde horretatik eskatzen die euskal presoei egin dezatela "hausnarketa bat", gatazkak eragindako kalteei eta sufrimenduari buruz.
EPPK-ko kideek Barkosi, Urkulluri eta EAJren EBBri bidalitako eskutitzetan, bisitetarako orduetako bidaiak egin behar direla eta horietako gastu ekonomikoa aipatzeaz gain, presoen senideak eta lagunak "zigortzen" dituen politika "hiltzailetzat" jo dute, errepidean hamasei lagun hil edota kartzelan hogei preso zendu direla gogoratuta.