Ortuzar: "Ezker abertzalea aditua da biktimismoari errentagarritasuna ateratzen"

EAJren EBBko presidentearentzat, "kasu hauetan" ezker abertzaleak etekina ateratzen du. Fernandez Diaz Espainiako Barme ministroak, balizko legez kanporatzeaz ohartarazi du Sortu.

2013ko urriaren 1a
18:32
Entzun

Ertzaintzak izandako jarrera ez du aipatu Andoni Ortuzarrek, istiluez galdetu diotenean, Ser irratian egin dioten elkarrizketan: “Zerikusi handiagoa dute iraganarekin eraiki nahi dugun etorkizunarekin baino”.

Atxiloketak, berriz, bakean atzera egitea dira: “Urte gehiegitan erabili den printzipio biziatu batetik sortu den operazioa da”, ezker abertzalearen inguruan mugitzen den guztia ETA dela dioen printzipioa, alegia. “Guretzat ez da horrela. Batek parteka edo bazter ditzake konglomeratu horren denaren —ezker abertzalearen konstelazio txiki horren— inguruan mugitzen den estrategiak eta ekintzak, baina ez dugu ikusten hori ETA dela”. Ortuzarren ustez, ez da "etikoa" zigorra bete duten presoak omentzea, baina ezta delitua ere.

Espainiako Gobernuari, berriz, “politika inteligentea” egiteko eskatu dio, “mediatikoaren” ordez, horrek lagunduko lukeelako, haren ustez, Euskal Herriko giroa lasaitzen. Espetxe politika aldatuko beharko luke, Parot doktrinaren “salbuespenezko egoera, zigorra” ezarri gabe, eta espero du Estrasburgoko Auzitegiak politika horren oinarri juridikoak bertan behera uztea.

ETAren desarmeari buruz ere aritu da, eta maila berean jarri ditu Espainiako Gobernuaren eta erakundearen jarrerak. ETA eta Espainiako Gobernua inoiz ez dira ezertara iritsiko: “Berdinketara kondenatua dagoen xake partida bat jokatzen ari dira”.

ETAri, berriz, hitz egin behar ez duenari buruz aritzen dela leporatu dio: “Politikaz eta etorkizunaz ari da, baina ez du esan behar duena esaten: armak entregatuko dituela”. 

Jorge Fernandez Diaz

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, berriz, esan du Herrira-k, presoen omenaldiak antolatuta, "biktimak sistematikoki umiliatu" dituela, eta balizko legez kanporatze batez ohartarazi du Sortu.

Haren arabera, atzoko operazioaren helburuetako bat da "mundu horri jakinaraztea legalitateak ez duela zigorgabetasuna esan nahi", eta oroitarazi du Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu zuenean ateak irekita utzi zizkiola aurrerago alderdia legez kanpo uzteari.

Sortu

“Erabat larria” da Sorturentzat polizia operazioa “jauzi kualitatiboa” eman baitu Madrilek: “Konponbide prozesuari eta Euskal Herrian hain hedatua den euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriari eraso zuzena” egin dio.
Erasoari erantzunak, berriz, “bakearen etsaiek eginiko erasoaren tamainakoa” behar duela uste du:  “Erantzun irmo zein herritarra. PPren sabotaje politikaren aurrean, planto demokratikoa egin behar dugu, instituzioetatik hasita kaleraino, herriz herri. Ozen esan behar diegu: Aski da, ez dugu errepresio gehiagorik onartuko”.


PPren eta PSE-EEren jarrera salatzeaz gain, instituzioen jokaera ere kritikatu du Sortuk: “Nafarroako gobernuak operazioa txalotu duen bitartean EAEko gobernuak ahots txikiarekin operazioa salatu du, baina praktikan, Guardia Zibilaren biolentziari Ertzaintzaren biolentzia gehitu dio”. 


Euskal Herriko instituzioetako agintariei neurriak eskatu dizkie atzokoaren moduko operazioak saihestu eta herritarren eskubideak bermatzeko. “Bere herritarren eskubideak defendatzen ez dituen Lehendakariak ez du Lehendakari izatea merezi”.

PSE-EE

"Erabaki judizialekiko errespetua" adierazi du PSEk, eta, beraz, inputazioak egin arte baloraziorik ez duela egingo gaineratu du. Hala ere, oroitarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimendua tea Askatasuna legez kanporatu zituztela, eta ondorioztatu du Justiziari dagokiola ebaztea Herrira horien oinordeko ote den.

Ohar batean, PSEk gogoan izan du Xabier Lopez Peñari eta beste preso batzuei omenaldiak egin dizkietela, eta gaineratu du "mundu horren aldentzea ETArekiko" ez dela "guztiz" gertatu. Orobat, uste du sarekadek ez luketela zentzurik izango ETA desegingo balitz: "Atentatuak eta xantaiak amaitu baditu ere, haren iraganaz harro ageri den erakunde terrorista bat izaten jarraitzen du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.