EAJk aurrekontuen gainean izango duen jarreraren inguruan aritu da Andoni Ortuzar. Haren ustetan, Jaurlaritza betetzen ari da bere lana, "lehentasuna ekonomia suspertzea xede duten ekimenak" proposatuz.
EH Bilduri "pankartaren atzean ezkutatzeari uzteko" eskatu dio, eta "aldarrikapenetatik elkarlanera" igarotzeko deia egin dio. "Zer gertatzen da, Gipuzkoarako balio duenak ez duela Euskal Autonomia Erkidegorako balio?", esan du.
EAJk "akordio zabala lortzeko" duen borondatea "egiazkoa" dela nabarmendu du. "Ateak zabalik" ditu "egonkortasun akordio baterako": "Ezer ez dago itxita, baina bi pauso emateko, lehenik bat eman beharko da", adierazi du. Ortuzarrentzat, lehen urratsa "borondatea" da, eta horretarako, "blokeoan tematzeko nahirik ez dagoela erakutsi beharko da".
PSEri erreferentzia eginez, horrela mintzatu da: "Patxi Lopezek benetan ulermena nahi badu, konponduko gara", gaineratu du. Gainerako alderdiekin ere negoziatzeko prest dagoela nabarmendu du, "hitzetatik ekintzetara" igaro nahi duenarekin.