Politika

Ortuzar: "Madrilekin elkar ulertzeak ez gaitu beldurtzen; baina bakoitzak bere etxean egon behar du"

Elkarlanerako bideak zabalduz, erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egiten asteko asmoa iragarri du EAJk, beti ere, "erabakitzeko eremu desberdinak" eta denborak errespetatuz. Batzar Nazionaleko 72 kideek aho batez berretsi dute Ortuzar EBBko buru.

Jokin Sagarzazu - Oihana Elduaien
2016ko otsailaren 15a
07:55
Entzun

Batzar Nazionala egiten ari da EAJ Iruñean, Baluarten. Larunbatean datozen lau urteetarako bide orria marrazten duen txostena onartu zuten, eta atzo zuzendaritza berria aukeratu zuten. Andoni Ortuzarrek jarraituko du EBBko buru. Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena, Mireia Zarate, María Eugenia Arrizabalaga, Iñaki Txueka eta Kepa Aldama izango ditu bidelagun, EBBn.

Ortuzarrek esan du EAJ ez duela "beldurtzen" Madrilekin elkar ulertzeak baina "bakoitzak bere etxean" egon behar duela. Horregaitik, Espainiako gobernuburu izateko jeltzaleen babesa nahi duenari "Euskal agenda" mahai gainean jarriko diola ohartarazi du.

Galdutako boterea berreskuratzea jarri zuen helburu EAJk duela lau urteko batzarrean. Hori zuen lehentasuna, erabakitzeko eskubidearen "instituzionalizazioaren" aurretik. Lehen helmugara iritsita, "beste urrats bat" egin nahi du orain, bigarrenaren bila. Hori dio, behintzat, 2020rako plangintza estrategikoan. Prozesu horretan buru eta bitartekari izan nahi dute jeltzaleek; haien ustez, beraiena delako Euskal Herrian eta Espanian alderdi denekin akordioak lortzeko gai den alderdi bakarra.

Azkenengo bi urteetan, PSE-EErekin gobernabidea bermatzea lortu du EAJk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioetan, eta Nafarroako Gobernuan ere eskuratu du botere kuota esanguratsu bat, beste bidelagun batzuekin. Orain, bateragarri egin nahi du hori erabakitzeko eskubidearen aldekoekin elkarlanerako bideak zabalduz. Baldintza batzuekin: "oinarri etiko eta demokratikoak" onartzea eta Euskal Herriko "erabakitzeko eremu ezberdinak" eta denborak errespetatzea.

Larunbatean eztabaidatu eta bozkatu zuten ideia horiek biltzen dituenBatasuna eta Indarra deituriko txostena, alderdiaren VII Batzar Nazionalean, Iruñean. Testuan azpimarratzen da EAJren helburua dela Espainiako Estatuarekin «bestelako harreman bat» lortzea, «Euskadiren Estatus Politiko Berri batetik abiatuz euskal aberriaren aitortzan, aldebitasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarrituta». Botoa emateko eskubidea zuten 325 konpromisarioetatik lauk egin dute aurka, eta hiru abstenitu egin dira.

Jeltzaleen txostenetik ondoriozta daiteke alde askotako akordioak egiten saiatu nahi duela EAJk datozen urteetan. Eta horrek jada eragin ditu errezeloak, lehentasunezko kide dituen sozialistengan, bereziki; zalantzak agertu dituzte, esaterako, asteon EAJk Eudelen eta Udal Legearen inguruan EH Bildurekin eginiko akordiorekin. Jeltzaleak, halaber, hasiak dira Madrilen negoziatzen, Espainiako gobernabidea bermatze aldera. «Euskal agendarekin» loturiko gaien inguruko bien arteko itun esklusibo bat proposatu dio alderdi sozialistari.

2004ko estatutua oinarri

EAJren arabera, «bidegurutze berri batean dago Euskadi»; 1979ko estatutua agortutzat jo du, nahiz eta azpimarratu estatutua funtsezkoa izan dela autogobernua garatzeko. Hala eta guztiz ere, «beste trantsizio» bat behar dela uste du —Hego Euskal Herrian eta Espainian—, eta horren baitan «Euskadiren eta Espainiaren» arteko estatus berri bat adostu behar dela dio, ezberdinen arteko akordioen bidez. Horretarako baldintzak badaudela uste du.

Jeltzaleek proposatzen duten «estatutu berriaren» edukiei buruz, txostenak dio oinarri izan behar dutela euskal nazioa subjektu politiko gisa aitortzeak eta horren erabakitzeko eskubideak. Hori litzateke «Euskadiren eta Espainiaren» arteko alde biko harremanen bermea. Hori legeztatu edo arautzeko bi bide proposatzen ditu: Espainiako Konstituzioaren erreforma —une honetan ez du oso bideragarri ikusten—; edota Espainiako Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan jasota dauden eskubide historikoen garapenaren bidez txertatzea hori ordenamendu juridikoan, Kontzertu Ekonomikoarekin egin zuten gisara, lehenik hemengo alderdien arteko akordioa eginda eta gero estatuarekin.

Agirian, EAJk ez du zehazten ez lan metodologiarik, ez eperik. Funtsean, Eusko Legebiltzarrean abian den Autogobernuaren Lantaldearen esku uzten du hori. Dena den, prozesua ez dela hutsetik hasten dio, bi abiapuntu daudela: 2004an legebiltzarrak onartutako estatutua—PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten, eta Espainiako Gorteek atzera bota— , eta 2006an Loiolako bake elkarrizketetan EAJk, PSE-EEk eta ezker abertzaleak adostutakoa. Edukiei dagokienez, gertuago dago Ibarretxeren proposamenetik Loiolako akordioetatik baino. Hala ondoriozta daiteke etorkizuneko estatus politikoa izan beharko lukeenaren ezaugarriak zehazten direnean: Euskadiren aitortza nazionala, erabakitzeko eskubidearen aitortza, bat egite askearena, Espainiako Estatuaren eta Euskadiren arteko alde biko gatazkak konpontzeko organo baten sorrera, eta euskal erakundeek eta talde batzuek —kirol taldeak, bereziki— nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izatea. Horiek denak jasota daude 2004ko estatutuan; baina ez horretan eta ez txostenean proiektu guztiak —independentzia barne— egingarri izateko aukera, Loiolan adostu moduan. Estatuaren ezezkoa jasoz gero zein bideri jarraitu ere ez da zehazten.

Lurraldetasuna, Nafarroatik

Agiri horrez gain, sei komunikazioren bozketa egin dute batzarrean. Horietako batean, militanteek babestu egin dute EAEk eta Nafarroak berezko gizarte segurantza eta pentsio sistema «misto» bat izatearen aldeko proposamena. Egoera ekonomiko eta industriala eta genero politikak ere landu dituzte. Baita Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak ere: Nafarroa, Nafarroa Behere eta Zuberoaren arteko elkarlanerako dinamikak sustatu eta babesteko konpromisoa hartu du EAJk. Osasunaren arloan, berriz, eutanasia eta heriotza lagundua legeztatzea defendatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.