Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak udal eta foru gobernuen lehen urteurrenaren balorazioa egiteko ekitaldian azpimarratu du EAJren lehen ardura "herri honentzat garai politiko berri bat sortzen laguntzea" dela, eta PSE-EEri "herriari entzuteko" eskatu dio.
Hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da Ortuzar, eta EAJren aldetik, Udal Legearen alde lanean jarraituko dutela nabarmendu du, legeak "adostasun mailarik gorena" izan dezan. "Urratsak ematen jarraituko dugu, bake aukera hau finkatzeko, eta Euskadin bizikidetza eraiki ahal izateko".
PSE-EE-PP itunaren hausturaren inguruan berretsi du legealdia "amaituta" dagoela jada. "Ikuspegi politikotik, duela urte bete esan genuen PSE-PP arteko itunak ez zuela luze iraungo. Eta, hala izan da, ez du iraun", adierazi du.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gobernuan mantentzen bada "interesa" duelako da, Ortuzarren arabera. "Gobernuaren plataforma erabiltzen du kanpaina egiteko, gobernatzeko erabili beharrean".
"Lopezen Gobernuak noraezean jarraitzen du, politika ekonomikorik gabe, politika industrialik gabe. Egin behar dutena egin beharrean, eztabaidak sortzen ari dira. Berriketan ari dira, gestionatu beharrean", gaineratu du.