Kukutza gaztetxea husten eta botatzen ari ziren egunetan beste gaztetxe bat zabaldu zen. Donostian. 1813ko sutearen ondoren zutik gelditu zen etxe bakanetakoa okupatu zuen Parte Zaharreko Gazte Asanbladak. Bi hamarkadaz hutsik egon da, baina joan den irailaren 23az geroztik, ateak berriro ireki ditu, Uxotegi gaztetxea izenarekin.
Okupazioak eztabaida berarekin ekarri du. Abokatu batek gazteak ikusi zituen etxean sartuta, eta zuzenean jo zuen haiengana. «Oso-oso modu txarrean» joan zitzaiela adierazi dute Garazi Ibazeta eta Julen Pujol Gazte Asanbladako kideek. Argazkiak atera zizkiela, mehatxu egin... «Hiru urte pasatuko dituzue kartzelan!», oihu egin ziela azaldu du Pujolek.
Udaltzainak ekarriarazi zituen abokatuak. «Baina esan genien etxea husteko agindurik ez baldin bazegoen ezin zutela ezer egin», adierazi du Ibazetak. Abokatua etxearen bueltan ibili zen hiru egunez. Geroztik, gazteek ez dute haren berririk. Auzitegian salaketa bat aurkeztu dute jabeek, eta epaileak zer erabakiko zain dago kontua. Bitartean, gazteak egunero joaten dira Uxotegira, eta indarrez eta ilusioz kargatzen doaz egunak pasatu ahala.
Etxea zakarrez eta zikinkeriaz betea aurkitu zuten. Lehenago, okupak izan dira bertan bizitzen. Udaltzainek bota izan dituzte, eta azkenaldian ez zegoen inor. Bertan bizitzen egondakoen arrastoak, ordea, ugari: pixa poteetan, lastairak lurrean, mahaiak edalontziekin... Traste zaharragoak ere bai: XIX. mendeko koadro bat, argazki zaharrak... Hiru solairu eta ganbara modukoa ditu eraikinak, eta azken solairua zegoen okerren: hildako usoen hezurdurak, haien kakak... Duela zortzi urte teilatua berritu zioten arren.
Etxea garbitzen ari dira orain gazteak. Laguntzaileak ere badituzte: altzariak oparitu dizkiete, izurriteak garbitzen dituen pertsona bat gerturatu zaie, baita arkitektoak ere. Arkitekto horiekin ari dira aztertzen etxeak zer hobekuntza behar dituen. Goiko solairuetan pisua kendu behar dutela eta horma batzuk bota, arriskua gutxitzeko; hala esan diete. Nolanahi ere, batik bat beheko solairua erabiliko dute oraingoz, eta erortzeko arriskurik ez duela zehaztu dute.
Kontzerturik ez dutela bertan egingo, hori argi dute gazteek. Horretarako Trinitate plaza erabil dezaketela azaldu dute. Gaztetxean, ikastaroak, hitzaldiak, antzerki emanaldiak, eztabaidak... antolatzeko gogoz dira. Haurrentzako ekimenak ere egin nahi dituzte. Hasi ere egin dira; auzoko umeekin jolas batzuk egin zituzten gaztetxea okupatu eta gutxira. «Gaztetxea kolore biziz eta ortzadarrekin margotzen zuten», azaldu du Ibazetak.
Umeez aparte, bisitari asko etorri zaizkie egunotan. Kukutzako bi lagun etorri zitzaizkien, «eusteko eta aurrera egiteko» animatuz. Gros auzoko Kortxoenea gaztetxetik ere etorri zaizkie bisitan, eta badute asmoa bi auzoetan zerbait egiteko, «auzolanean».
Ondarea eta jabegoa
«Beti beharra ikusi dugu gune autogestionatu bat edukitzeko», esan du Pujolek, okupazioaren arrazoiaz galdetuta. Ibazetak, berriz, hiru urte daramatza Gazte Asanbladan, eta uste du mugimenduak beharra zuela zabaltzeko, gazte gehiagorengana heltzeko: «Orain gazte multzo bat bildu gara, eta bota nahi bagaituzte ere jarraituko dugu». 40 bat gazte erakarri ditu Uxotegi gaztetxeak; orain, usu, kazetarien galderak erantzuten dituzten ia egunero komunikabideren bat pasatzen da bertatik eta.
PSE-EE, PP eta EAJ alderdiek Donostiako Udalaren aurka egin dute asteotan, eta ika-mika komunikabideetara iritsi da. Etxe jabeen interesen alde ez egitea leporatu diete alderdi horiek udal ordezkariei. Udalak, berriz, batzorde informatibo bat antolatu du urriaren 17rako. Arazoa bideratzeko «alde guztiekin» bildu nahi duela jakinarazi du.
Gazteek argi dute, eztabaidak eztabaida. «Salgai egotea kontu bat da, eta etxe hau egon den bezala egotea, hogei urtez utzita, beste bat. Usteltzen uzteak ez du zentzurik», Pujolen esanetan. Ondarea Defenditzeko Herritarren Elkarteko ordezkariak ere bisitan joan zaizkiela jakinarazi du: «Etxe hau egon den bezala egotea lotsagarria zela esan ziguten». Gazteen ekimena begi onez hartu du elkarteak.
Parte Zaharrak, gainera, gazteei ez diela ezer eskaintzen, aterpe publikorik ere ez dagoela salatu dute gazteek. Eta orain elkartzeko eta gauzak egiteko leku bat dutela erantsi. Auzotarrekin eta auzoko eragileekin biltzeko asmoa dute, proiektua aurkezteko.
Gazteak ez daude seguru gaztetxearen etorkizunaz. Arriskua gertu sumatzen dute batzuek.Babesa eskuratzea da gakoa, Ibazetaren ustez: «Kukutzak auzoari erakutsi zion gaztetxeak ez direla drogak eta iskanbila eta... Guri ere gustatuko litzaiguke hori erakustea, bota nahi bagaituzte ere auzoaren babesa edukitzeko».
Kukutza. Gaztetxearen aldeko manifestazioa
Ortzadarrak margotzen
Uxotegi gaztetxea okupatu dute Donostian. Hogei urtean hutsik egon da, eta 1813ko sutetik libratu zen bakanetakoa da .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu