Osasun eskubideen aldeko sendagileen eta legelarien elkartea da Osabideak, eta preso erien egoerari buruzko txosten bat igorri du Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandataritzara. Zehazki, "torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien kasuetarako" mandatari berezi Nils Melzerri, "gizaki orok ahalik eta osasun fisiko eta mental handienaz gozatzeko duen eskubidearen" gaineko mandatari berezi Dainius Purasi eta "terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen sustapen eta babeserako" mandatari berezi Fionnuala Ni Aolain.
Txostena bidaltzearen helburua da NBEk Espainiako Estatuari ohar egitea, besteak beste, amaitu ditzan "modu orokortu eta iraunkorrean" ezartzen diren "salbuespenezko neurriak". Neurri horien artean aipatu dituzte urruntze politika, bakartzea eta "auzitegi medikuen eta espetxeetako medikuen independentzia profesional eza".
Izan ere, salatu duenez, "espetxe erakundeekiko mendekotasun hierarkiko eta administratiboa" dute espetxeetako medikuek. Halaber, uste dute Auzitegi Nazionaleko medikuen "kokapenak oztopatu" egiten duela horien "independentzia profesionala".
Bestalde, ohartarazi dute espetxe erakundeen 3/2017 Instrukzioak "askatasunez gabeturiko pertsonen osasunerako eta duintasun pertsonalerako eskubideen oinarrizko alderdietan" eragiten duela, "barneko zein nazioarteko legerian aurreikusitako estandar mediko eta humanitarioak errespetatzen ez dituzten irizpide eta adierazleak baliatuz". Instrukzio hori indargabetzeko eskatu dute.