EUSKARA

Osakidetza euskalduntzeko prozesuan ausart jokatzeko eskatu du Kontseiluak

Elkarlana sustatzera deitu ditu erakundeak, eta premiazkotzat jo du euskalgintzaren ekarpenak aintzat hartzea. Zerbitzua euskalduntzeko, helburu, neurri eta epe zehatzak ezartzeaz gain, kontratazio politikan aldaketak egin beharko liratekeela nabarmendu du.

Eragileen agerraldia gaur, Donostian. JON URBE, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko otsailaren 11
16:10
Entzun

Duela bi hilabete eskas onartu zuen Osakidetzak euskalduntzeko plan estrategikoa eta hemendik gutxira tokian tokiko planei ekingo die. Horren harira, Kontseiluaren barnean bildutako hainbat eragilek planari buruz egindako ekarpenen berri eman dute; Uemak, Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak, hain justu.

Hamabost edo hogei urte bitarteko epean langile eta zerbitzu guztiak euskaldunak izatea du helburu planak. Epe ertainerako asmoak jasotzen ditu. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, zuhurtziaz jokatzea nahitaezkoa da; halere, osasun zerbitzua euskalduntzeko neurri ausartak hartu beharko liratekeela uste du: “Emaitzak baikorrak izan daitezen eta planak arrakasta izan dezan, oinarrizkoa da helburu, neurri eta horiek garatzeko epeak zehaztea”. Osakidetzaren gisako normalizazio planetan etengabe errepikatzen den gabezia dela dio Bilbaok.

Osakidetzako langile eta zerbitzu oro euskaldunak izatea nahi du Kontseiluak, izan ere, “ez dago osasun arreta duina jasotzerik, berezko hizkuntzan ez bada”. Horretarako, kontratazio politikan aldaketak egin beharko liratekeela nabarmendu du Bilbaok. “Ez du zentzurik langileak euskalduntzeko baliabide garrantzitsuak bideratzen diren bitartean, euskaldunak ez diren langile elebakarrak kontratatzea”. Hortaz, elebidunak ez diren langileen iturria noiz itxiko den oraindik ere erabakitzeke dagoela adierazi du.

B2 mailako euskarazko gaitasuna

Bestalde, egun Osakidetzan lanean ari direnen euskara gaitasuna zein den ezagutu beharko liratekeela uste du. Behin hori eginda, behargin oro euskalduntzeko plangintza iraunkorra jarri beharko litzateke abian, Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz. “Ikastaroetan parte hartzeko erraztasun eta pizgarriak eskainiz”. Finkoak ez diren langileen euskalduntzearen premiaz ere mintzatu da. “Ordezkatzeko kontratatzen diren beharginak ere euskaldunak izan beharko dira”. Neurri “traktoreak” direla deritzo Bilbaok, inongo inbertsiorik eskatzen ez dutelakoan. Gainera, osasun zerbitzu eskubidea bermatzeko mesedegarria dela esan du. B2 mailako euskarazko gaitasuna proposatu du Kontseiluak abiapuntu gisa.

Herritar bakoitzaren hizkuntza aukera zein den Osakidetzako sistema informatikoetan aurrez jasotzeak prozesua erraztuko lukeela azaldu du: “Egoera ezatseginak sortzen dira maiz, herritarrek hartu behar izaten dutelako iniziatiba zerbitzua euskaraz eskatzeko”.

Lankidetzarako deia erakundeei

Uemak, Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak osasun arloaren euskalduntzea lantzeko lantaldea eratu zuten iaz. Plana aurkeztu zenean, proposamen bat igorri zioten Osakidetzari, baina ez dute erantzunik jaso. Dena dela, elkarlanean aritzeko prest dago Kontseiluko idazkaria. Horretarako guneak sortu beharko liratekeela ohartarazi du, eta elkarlanean lan egitera deitu ditu erakundeak. Horrez gain, euskalgintzaren ekarpenak aintzat hartzeko eskatu du Bilbaok; azken finean, denek helburu bera dutela uste baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.