lanuztea osakidetzan

Osakidetza: "Negoziazio mahaia zabalik dago"

Lanuzteak egin dituzte ehunka langilek, sindikatuek deituta. 1.200 lanpostuko lan eskaintza publikoa egitea nahi dute, eta lan baldintzak hobetzea.

Osakidetzako sindikatuek deitutako protesta, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2014ko azaroaren 6a
11:30
Entzun

Osakidetzako ehunka langilek bat egin dute sindikatuek deitutako lanuzteekin. Goizekoan (11:00etatik 15:00etara), sindikatuek adierazi dute erantzuna "handia" izan dela, baina salatu dute Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla, eta, horren ondorioz, hainbat langilek ezin izan dutela lanuzteekin bat egin. Osakidetzaren arabera, berriz, eguneko bi lanuzteak kontuan hartuta, deialdiaren babesa %5,6koa izan da —arratsaldean 15:00etatik 19:00etara deitu dute lanuztera—.

Osakidetzak ohar baten bidez azaldu duenez, lanuzteak izan diren bi txandetan 20.635 lagunek egon behar zuten lanean, eta 19.402 joan dira beharrera —1.223k babestu dute lanuztea—. Herritarrei barkamena eskatu die lanuzteen eraginagatik, eta lanera joan direnei esker ona adierazi, "osasun sistema publikoarekiko konpromisoagatik". Horrekin batera, sindikatuekin hitz egiteko prest agertu da: "Negoziazio mahaia zabalik dago, eta mahai sektorialera deituko ditugu sindikatuak hilabetea amaitu aurretik".

Elkarretaratzeak eguerdian

Eguerdian, sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Bilbon, berrehun lagun baino gehiago bildu dira Osakidetzaren Bizkaiko ordezkaritzaren aurrean. Encarna de la Maza Satseko ordezkariak esan duenez, "ospitaleetako osasun langileen %80" egon dira gutxieneko zerbitzuetan, eta ohartarazi du kasuren batean greba eskubidea urratu dutela frogatuz gero epaitegiei jakinaraziko dietela.

Donostian, Pio XII.aren plazan izan da protesta, eta murrizketen aurka eta osasun publikoaren alde atera dira kalera. Datozen ostegunetan ere lanuzteak egiteko asmoa erakutsi dute sindikatuek.

Satse, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez, 3.000 lanpostu suntsitu dira azken hiru urteetan, eta hilabetean 8.000 pertsonak aldi baterako kontratua dute. Gainera, 500 langile inguruk hartzen dute erretiroa urtero.

Alde horretatik, egindako enplegu deialdi publikoarekin —bi urterako 474 lanpostu eskainiko dira— Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "gizarte osoari iseka" egiten diola uste dute, "enplegu suntsipenarekin jarraitzea eta behin-behinekotasuna haztea" dakarrelako. Era berean, "benetako negoziazioa" abia dezala exijitu diote Osasun Sailari, eta "langileen benetako aldarrikapenei buruzko gezurrekin gizartea intoxikatzeari utz" diezaiola eskatu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.