Osakidetzak 2.614 postuko lan eskaintza publikoa egingo du 2011n

Jaurlaritzako Osasun Sailak 3.406 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino %3,5 gutxiago

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Azken egun eta asteetan jaso dituen kritikak isildu nahi izan zituen atzo Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta datorren urtean 2.614 lanpostuko eskaintza publikoa egingo duela iragarri zuen, bere sailak 2011n izango dituen aurrekontuak aurkezteko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian.

Julian Perez Gil Osakidetzako zuzendariak eman zituen lan eskaintza publikoaren inguruko xehetasunak: 700 postu inguru medikuentzat izango dira, 800 erizainentzat, 350 eta 400 postu artean erizain laguntzaileentzat, eta gainerako postuak mantentze zerbitzuko langileentzat, administrarientzat eta jagoleentzat izango dira, besteak beste. Hala ere, zenbakiak oraindik sindikatuekin adostea falta dela zehaztu zuen zuzendariak. «1.500 lanpostu egonkortuko ditugu, eta gainerako postuek bete gabekoak betetzea ahalbidetuko dute».

ELAren ustez, baina, eskaintza publikoa «berandu dator, ez da nahikoa eta adostutakoa ez du betetzen», izan ere, sindikatu horrek argitu duenez, 2009an hitzartutakoa baino 1.200 lanpostu gutxiago eskainiko dituzte. «Mahai orokorrean adostu genuen 2010ean 1.900 lanpostu eskaintzea eta 2011n beste 1.900, hau da, 3.800 lanpostu orotara».

Aurrekontuetan, murrizketak

3.406 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean Osasun Sailak, aurten baino %3,5 gutxiago, eta zatirik handiena Osakidetzarentzat izango da, hau da, 2.450 milioi, aurten baino %3,2 gutxiago. Bengoaren esanetan, krisia dela eta, «ezinbestekoa» izango da egiturazko hainbat kontu aldatzen jarraitzea, osasun sistema «eraginkorrago» egin ahal izateko. Halaber, gastuak «arrazionalizatzeko» planak indarrean jarraituko duela iragarri zuen, eta adibide gisa jarri zuen botika generikoen erabilera lehenetsiko dutela. Legebiltzarkideen galderei erantzunez, itxaron zerrenden inguruan mintzatu behar izan zen, eta EAJri leporatu zion «informazio okerrak eta manipulatuak» ematea, «alarma soziala piztearren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.