OSASUNA

Osakidetzak baztertu egingo ditu oposizioetarako deialdi masiboak

Mediku espezialisten arloko iruzur salaketen ondoren, Osakidetzak prozedura aldatzea proposatu du.

Galdakaoko ospitalea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko urriaren 8a
16:05
Entzun

Jende gutxiago eta proba gehiago. Osakidetzan lan eskaintza publikoak egiteko eredu berrian jasotako proposamenen ardatzetako bat da. Baztertu egingo dituzte azterketa deialdi masiboak. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak adierazi du azterketa horiek prestaketa "luzea" eskatzen dutela, eta estres "handia" eragiten duela. Gaineratu du sistema berriarekin "etengabe" sortuko direla lanpostu finkoa lortzeko aukerak.

Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du eredu berrirako proposamena. Bost arlo landu dituzte: arau eremua, plangintza, orokorra, epaimahaiak eta azterketak. Diegok azaldu du eredua "progresiboa" dela, "irekia eta adostua". Neurri ugari daude proposamenen artean. Azterketei dagokienez, esate baterako, eredu "berritzaileak" probatuko dituzte; epaimahaien esparruan, berritasuna da zozketa bidez zehaztuko dituztela kideak, eta jokabide arau batzuk ezarriko dizkietela.

Osakidetzako mediku espezialisten azterketetan salatutako iruzurraren ondoren iritsi da aldaketa. Gasteizko epaitegi batek zabalik du ikerketa: salatu dute espezialitate batzuetan filtratu egin zutela edukia, mediku batzuek aldez aurretik izan zutela azterketetako edukiaren berri, eta, areago, "urteetan" egin dutela hori Osakidetzan. Hiru epaimahaitako kideak ikerketapean daude. Arlo politikoan, besteak beste, Jon Darpon Osasun sailburuaren eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariaren dimisioa ekarri du oposizioei buruzko eskandaluak.

Aldaketak proposatzeko egindako bidea goraipatu du Nekane Murga Osasun sailburuak; adierazi du prozesu "parte hartzailea" izan dela, hainbat eragilek elkarlanean egindako "fruitua". Oposizioak, ordea, ez du iritzi bera agertu; Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, adibidez, ohartarazi du ez dutela prozesuaren berri izan: "Zuek erabaki duzue zer jaso eta zer ez, eta akordio gisa jaso duzue".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.