Osakidetzak «berme guztiak» bete ditu botika generikoak errezetatzean

Gaixo kronikoen konfidentzialtasuna ez dela urratu esan du Datuen Babeserako Agentziak

Sendagaiak, apalategietan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Datuen Babeserako Agentziak arrazoia eman dio Osakidetzari, berretsi egin baitu joan den irailean gaixo kronikoei botika generikoak errezetatzeko mediku eta erizainei banatu zizkieten zerrenden bidez ez dutela urratu haien konfidentzialtasuna. Osasun Sailari igorri dion ebazpenean, Datuen Babeserako Agentziak atzera bota du Gipuzkoako Medikuen Elkargoaren helegitea. Maiatzean ere ez zuen onartu errekurtsoa, eta behin betiko ezezkoa eman dio oraingoan elkargoari.

Gaixo kronikoek beren tratamenduetan hartu behar dituzten botika generikoen gaineko informazioa zegoen Osakidetzak mediku eta erizainei banatutako zerrendetan. Datuen babeserako legea urratu zutela iritzi zuen medikuen elkargoak, osasunari buruzko datuen banaketa «masiboa» zelakoan.

Osakidetzak nabarmendu duenez, ebazpenak onespena eman dio osasun sistemaren «eraginkortasuna» eta «iraunkortasuna» bermatze aldera Osasun Sailak hartu zuen neurriari. Gaixo kronikoen tratamenduetan ohikoak diren lau botikaren bertsio generikoak errezetatzean zetzan neurri hori. Baina, profesionalen erantzun ona ikusirik, lau sendagai horiei beste zazpi —zortzi dira printzipio aktiboak zenbatuz gero, baina bi batera erabiltzen dira— gehitu zizkieten ekainean. Gaixo kronikoekin erruz erabiltzen diren botikak dira azken horiek ere, kolesterola eta hipertentsioaren gisako eritasunak tratatzeko erabiltzen baitira.

Medikuen hautua

Generikoen aldeko jarrera hartu dute medikuek, erabakia justifikatuz gero markako botikak errezetatzerik duten arren generikoen aldeko hautua egin baitute kasu gehienetan. Markako botiken printzipio aktibo berberak dituzten sendagai merkeago hauen bermetzat jo du medikuen babesa Osakidetzak. Hala, 150.000 eri kroniko inguruk hartu dituzte sendagaiok, eta %24.5 igo da generikoen errezetatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Osakidetzaren gastu publikoarekiko kezka nabarmen areagotu da azken urteotan; iaz, esaterako, 38 milioi euro gastatu zituen Osakidetzak botikatan. Hala, Osasun Sailak goraipatu egin du neurria abian denetik aurreztu den gastua. Joan den urtean, lau sendagai klasetan botika generikoen aldeko hautua egiteko eskatu ostean, 7.2 milioi euro aurreztu ziren lehen zortzi hilabeteetan, eta onura ekonomikoa areagotu egin da neurria beste zazpi botikatan ere indarrean jarri zutenetik.

Botiken gastua ez ezik, horien erabilera ere murriztu beharko litzatekeela uste dute zenbait mediku erakundek, gehiegi medikatzeko joera dagoelakoan. «Arrazoi ekonomikoak baino gehiago, arrazoi etikoak» nabarmentzen dituzte beraiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.