Osakidetzak beste eskaintza bat egingo die sindikatuei

Mahai sektorialaren 11. bilera egin dute gaur, Gasteizen, Osakidetzako zuzendaritzak deituta, eta berriz ere akordio gabe bukatu da bilera. Hala ere, Osakidetzak jakinarazi du beste proposamen bat egingo diela sindikatuei gaur eta bihar artean, eta ostiralerako lan gatazka amaitzeko itxaropena agertu du.

2008ko martxoaren 12a
20:15
Entzun
Azkeneko batzarrean eta sindikatuekin izandako bi aldeko bileretan landutako gaiei jarraipena eman diete. Gaur sindikatuen batasuna ez da aurrekoa bezainbestekoa izan, azken mobilizazioetan haien artean egondako iritzi ezberdinen ondorioz. Esaterako, CCOOk ez zuen babestu lehengo asteko greba orokor deialdia.

ELA, LAB, UGT eta ESK-k atzo esan zuten mobilizazioei eutsiko dietela. Orain arte egindako ekimenetan langileek izandako parte-hartzea txalotu dute eta, euren ustez, hori izan da mahai sektoriala baldintzatu duena.

Hain zuzen, ELA, LAB, UGT eta ESK-k osatzen dute Osakidetzako gehiengo sindikala, eta zuzendaritzarekin “akordio globala” lortu arte, mobilizazioei eutsiko diete. Bide batez, sindikatu korporatiboen jarrera kritikatu dute eta mobilizazioetan parte hartu duten langileekiko “esleialtasuna” egotzi diete beste sindikatuei.

Osakidetzako zuzendaritzak negoziazio kolektiboan izan duen jarrera ere salatu zuten atzo. “Eredu gaiztoa” izan dela deritzote, “batasun sindikala desegiteko asmoa” izan baitu eta “mobilizazioak bukatzeko ahalegina” egin duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.