Osakidetzak Errioxako gaixo gehiago artatzea hitzartu dute

Behin-behineko ituna sinatu dute Bengoak eta Nietok; behin betikoa otsailaren 29rako adostu beharko dute

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Artatu ohi dituen baino Errioxako gaixo gehiago artatuko ditu Osakidetzak. Gainera, Errioxan egiten ez dituzten hainbat espezialitate eta proba Osakidetzan egiteko aukera izango dute Espainiako erkidego horretako biztanleek. Hori hitzartu dute, besteak beste, Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Jose Ignacio Nieto Errioxako Gobernuko Osasun kontseilariak. Hala konpondu dute Arabako Errioxako biztanleak Logroñoko eritegian artatzeari uzteagatik piztutako krisia.

Ia hiru hilabete iraun du administrazioen arteko gatazkak, eta bi sailburuek atzo ezagutarazi zituzten erdietsi duten akordioaren nondik norakoak, Errioxako hiriburuan, Logroñon. Atzo sinatutakoa aldi baterako ituna da; behin betiko hitzarmena adosten duten bitartean egoerari aterabidea emateko erabili dutena. 2012ko otsailaren 29ra arte izango da indarrean, eta ordurako behin betiko ituna prest izatea espero dute sailburuek. Hala ere, ordurako ados jarri ez badira, beste hilabete batez luza dezakete behin-behineko akordioaren iraunaldia.

Besteak beste, Errioxako gaixoak lipodistrofiak, loditasun eta garuneko ebakuntzak,kirurgia plastikoa, umeentzako oftalmologia eta epilepsia kasuak direla-eta artatuko dituzte Osakidetzan. Zerbitzu batzuk berriak dira herrialde horretako biztanleentzat; beste espezialitate batzuetan, aldiz, orain arte artatzen zuten gaixo kopurua handitu egingo da. Hala ere, bi sailburuek ez dute baztertu behin betiko hitzarmenean Errioxako gaixoentzat zerbitzu gehiagorako sarbidea bermatzea.

Behin-behineko akordioan ez dute jaso Errioxako abortuak Osakidetzan egiteko aukera, baina litekeena da behin betikoan jasotzea. Negoziazioetan, ebakuntza horiek Osakidetzan egiteko eskatu zion Nietok Bengoari. Izan ere, hango erietxeetako sendagile ugarik uko egiten diote abortuak egiteari, kontzientzia eragozpena adierazita. Jokabide horren eraginez, abortatu nahi duten emakumeak ospitale pribatuetara bideratu behar ditu Errioxako Gobernuak, eta eritegi pribatu horiei ordaindu.

Oztopo ugari bidean

Negoziazioak ez dira amaitu oraindik, eta oztopo ugari gainditu beharko dituzte egoera guztiz baretzeko. Osasun zerbitzuak emateagatik gobernuek elkarri ordaindu beharreko diru kopurua izango dute eztabaidagai, batez ere. Eusko Jaurlaritza ez dago ordaintzeko prest. Baina Nietok ohartarazi du ordainketarik ez bada hiru hilabeteotako egoerara itzuliko direla. Bengoaren arabera, gatazkak agerian utzi du elkarlanean aritzeko «eesparru nazional berri» baten beharra, eta jakinarazi du Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseilura eramango duela gaia.

Atzo aurkeztutako hitzarmenari esker, Arabako Errioxako Oion, Lantziego, Bilar, Lapuebla de Labarca, Moreda, Ekora, Guardia, Leza, Navaridas, Villabuena, Eltziego eta Bastida herrietako biztanleak artatzeari ekingo diote, berriro, Logroñoko San Pedro ospitalean. Orotara, 12.000 biztanle inguru bizi dira herri horietan. Abenduaren 15ean hasiko dira inguru horretako herritarrak artatzen, irailean hala egiteari utzi aurretiko baldintza beretan.

Herri horietako hainbat zinegotzik begi onez ikusi dute behin-behineko akordioa sinatzea. Haien iritziz, «aurrerapauso garrantzitsua» da hitzarmena sinatu izana. Baina, aldi berean, kezkatuta azaldu dira, atzo hitzartutakoa aldi baterako delako. Bestalde, Bengoarekin batzartu ondoren, udal ordezkariek bertan behera utzi dute biharko deitutako protesta. Dena den, argitu dute bide judizialetik jarraituko dutela, irailetik hona artatu gabe utzi dituzten herritarren kasuak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.