Osakidetzako zuzendaritzak deituta mahai sektoriala elkartu zen atzo arratsaldean, Gasteizen, eta, baikor hitz egin zuen bileraren ostean Jose Andres Blasco Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak: «Nahiko aurreratuta dago negoziazioa». Bihar mahai sektoriala elkartuko da berriro, eta bertan sindikatuekin duten gatazka bukatzeko esperantza dutela azaldu zuen. Gaur beste eskaintza bat helaraziko die sindikatuei.
«Sindikatuek gure azken eskaintzari egindako proposamenak aurkeztu dituzte. Batzuk onargarriak dira, baina beste batzuek aztertu egin behar ditugu, behar duten diruagatik, batez ere». Atzo iluntzean bertan edo gaur goizean sindikatuei beste proposamen bat helaraziko zietela jakinarazi zuen Blascok, eta, behin betiko konponbidearen giltza izatea espero duela.
Mahai sektorialaren bileran parte hartu zuten sindikatuek (ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSE), baina, Blascok baino jarrera ezkorragoa zuten bilera amaitu ostean. Mati Iturralde LABeko ordezkariak esan zuen Osakidetzak egindako proposamenean ez zegoela «aldaketa nahikorik». Iturralderen esanetan, ostiralera arte itxarongo dute mobilizazioekin aurrera jarraitu edo ez erabakitzeko.
UGTko Arantza Agote «harrituta» atera zen bileratik. «Benetako negoziazioa» espero zuen, baina bere esanetan, Osakidetzak ez zuen soldatei edo zerbitzuen pribatizazioei buruz hitz egin nahi izan.
Zehaztasun eske
Horrez gain, UGTk zehaztasunik gabeko proposamena egitea leporatu dio Osakidetzari. «Zehaztasuna eskatzen jarraitzen dugu», esan zuen Agotek. «Gu gai izan gara puntuak eta komak dituen proposamena aurkezteko, baina Administrazioak konpromisoei buruz bakarrik hitz egin du. Guk errealitateei buruz hitz egitea nahi dugu». UGTk Osakidetzari eskatu dio biharko bilerarako «gai izan dadila» bere proposamenak paperean idazteko.
CCOOrentzat «interesgarria» da Osakidetzak eskaintza berri bat bidaltzea, «negoziazioan sakontzeko»; baina CCOOk langile gehiago, karrera profesionala eta lana eta familia bateratzeko neurriak eskatzen jarraituko du. ELAko eta SATSEko ordezkariek atzo ez zuten baloraziorik egin.
Jose Andres Blasco Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak sindikatu batzuen jarrera salatu zuen, sindikatuen izenik eman gabe: «Osasun zerbitzuen ereduari buruz hitz egiten dute, ez lan baldintzez». Sindikatu horiei gatazka bizirik mantendu nahi izatea egotzi zien.
Gizartea
Osakidetzak espero du sindikatuekiko gatazka bihar bukatzea
Mahai sektorialaren bilera egin zuten atzo arratsaldean; 11.a. ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSE sindikatuek jarrera ezkorragoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu