Osakidetzak eta Osasunbideak gaur jasoko dituzte Janssen txertoak

8.900 dosi jasoko dituzte, eta berehala jartzen hastea da osasun agintarien asmoa.

arantxa iraola
2021eko apirilaren 21a
10:19
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziak atzo Janssen txertoaren inguruan esan zituenak aintzat hartuta, Espainiako Osasun Ministerioak gaur banatuko dizkie txertoak autonomia erkidegoei. Tronboen gaineko arriskuengatik, Espainiako osasun agintariek biltegi batean gordeak zituzten lehengo astetik, baina, EMAk txertoak jartzeko erakoak direla berretsita, berriz martxan jarri dute banaketa.

Gaur 8.900 dosi jasoko dituzte denera Osakidetzak eta Osasunbideak. Haiei dagozkienak 6.850 dosi dira, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaur goizean berretsi du berehala jartzen hasiko direla.

Esperantza handia dago Janssen txertoa dela-eta, dosi bakar batekoa baita, eta txertaketa prozesua bizkortzeko era emango baitu. 70-79 urte bitartekoei jarri nahi diete orain txerto hori, populazio horretan txertaketa arintzeko. Sagarduik gaur zehaztu du txerto hau mugikortasun arazoak dituztenei jarriko dietela aurrena; dosi bakarrekoa izanda, errazagoa delako.

Iragarrita dago laster helduko direla txerto gehiago ere: heldu den astean aste honetan bezainbeste iritsiko dira. Sagarduik gaur esan du, ordea, ez dakitela zehazki datozen asteetan txertoak jasotzeko erritmoa zer-nolakoa izango den, eta onartu du nahi baino motelago doala dena: «Askoz ere gehiago edukitzea gustatuko litzaiguke, eta txertaketa bizkortzea, baina hauxe da daukaguna»

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.