ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek deituta, greba eguna izan zuten atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko osasun publikoko zentroetan, eta gaur Osakidetzak jakinarazi du lanuztea egin zuten langileei ez diela atzoko egunari dagokion diru saria ordainduko. Osakidetzaren arabera, 5.200 behargin izan ziren atzo lana ez zutenak egin.
Eusko Jaurlaritzak lan baldintzak dekretuz ezarri izana salatu eta horien gaineko negoziazioa eskatzeko egin zuten greba atzo, eta "erabateko arrakasta" izan zuen deialdia, sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, berriz, zioen grebaren batez besteko jarraipena %28,5ekoa izan zela.
Martxoaren 6rako ere egun osoko greba eguna dute deitua sindikatuek. Horretaz gain, zenbait orduko geldialdiak iragarrita dituzte otsailerako: 12, 14, 19, 21, 26 eta 28rako.
Urtebete baino gehiago negoziatu gabe egon ostean, iazko ekainean hasi ziren Osakidetzako sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza hitz egiten. Hainbat bilera egin zituen negoziazio mahaiak, eta Jaurlaritzak akordioa itxi zuen EAEko Medikuen Sindikatuarekin (SME). Gainerako sindikatuek ez zuten akordio hura izenpetu, eta ondorengo bilerek ere ez zuten fruiturik eman. Iazko abenduaren 26an dekretu bidez ezarri zituen Jaurlaritzak 2009. urtera arteko Osakidetzako langileen baldintzak, SMErekin lortutako akordioa oinarri hartuta. ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek erabakia salatu eta "edukidun negoziazioari" berriro ekiteko eskatu zioten Jaurlaritzari.
Osasun Sailak gaur esan du negoziatzeko "prest" dagoela.
Gizartea
Osakidetzak greba egin zuten langileei ez die atzoko egunari dagokiona ordainduko
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, zentro publikoetako 5.200 beharginek egin zuten lanuztea (batez besteko jarraipena %28,5ekoa izan zela dio). ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuen ustez, grebak "erabateko arrakasta" eduki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu