Osakidetzak urrutiko arreta ezarri du Langraitzen, lekualdatzeak urritzeko

Espetxeetako erietxeak EAEko lehen arretako sarean sartu dira, Eusko Jaurlaritzak horien eskumena hartu ostean

Langraizko espetxeko zuzendari Jose Antonio Perez, Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizo eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa, atzo egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Langraizko espetxeak (Araba) urrutiko arreta zerbitzua du uztailaren 1etik. Horren bitartez, mediku espezialista baten beharra duten hango presoek espetxea utzi gabe horien arreta jaso ahal izango dute, sendagileak zuzeneko testak egin behar ez dizkien kasuetan, betiere. Langraizen martxan dago dagoeneko zerbitzu hori, eta Martutene (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetan ere ezarriko dute denbora gutxi barru.

Osakidetzak urtean, batez beste, 3.000 kontsulta inguru egiten ditu erregimen itxian dauden pertsonekin, eta horietatik hainbat orain espetxetik mugitu gabe egiteko aukera egongo dela aurreratu du Bengoak. Ospitaleratutako presoak 150 inguru izaten dira, eta horretan aldaketarik ez dela izango aurreratu du. 600 erradiologia prozedura baino gehiago egiten dira. «Aske ez direnen arreta beste edozein biztanlek jasotzen duen arretarekin parekatzea dugu helburu, eta eskumena izateak horretan lagunduko du».

EAEko espetxeetako osasunaren eskumena Eusko Jaurlaritzak uztailaren lehenean hartu zuen, eta urrutiko arreta horrem barruan kokatu du Rafael Bengoa Osasun sailburuak. Aldaketa gehiago ere ekarriko ditu ditu espetxeen egunerokotasunean. Espetxeetako erietxeak Espainiako Espetxe Erakundeetako Osasun Zuzendariordetzaren menpe egoteari utzi eta Osakidetzako lehen arretako zentroak izatera igaroko dira, eta presoek erreferentziako ospitalea ere izango dute.

Preso guztien historia klinikoak lehen arretako sarearen barruan daude uztailaren lehenetik, eta horrek horien arretaren jarraipen «osoagoa» ekarriko duela gogorarazi du Bengoak. Izan ere, sendagile zein erizainek horien historiarako sarbide zuzena izango dute Osabide gaixoen arretaren kudeaketa sistema informatikoaren bitartez. Espetxeetako erietxeen informatika azpiegitura ere berritu behar izan dute aldaketara egokitzeko.

44 profesional EAEn

Espetxe osasunaren transferentzia unerik egokienean gertatu dela nabarmendu du Daniel Zulaikak, transferentziaren koordinatzaileak. Hain zuzen ere, Osasun Sailak gaixo kronikoen tratamendurako egindako aldaketak presoen premietara egokitzen direla azaldu du. «Langraizen lan egiten duten pertsonek egunero 400 lagun baino gehiagorentzako botikak prestatu behar dituzte, eta 706 preso dira», gogorarazi du, eta espetxeetan gaixotasun kronikoek duten presentzia azaldu.

Espetxe osasunaren eskumenaren aldaketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetan dauden 44 langilerengan eragin du, eta Osakidetzako lantaldeko kide dira dagoeneko. Langile horietatik 16 medikuak dira, 19 osasun laguntzaile teknikoak, zazpi laguntzaileak eta bat farmazialaria. 44 laguneko tan talde hori EAEko espetxeetako gaur egungo beharrei egokituta dagoela jakinarazi du Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak. Zaballako espetxea (Iruña Oka, Araba) irekitzean bertako beharrak aztertu, eta lantaldearen egokitzapena aztertuko da.

Alor ekonomikoari dagokionez, 9 milioi euroko ondorioa izango du espetxeetako osasun politiken transferentziak. Espetxe politiken eskumenari buruz, berriz, ez zuen ezer aurreratu nahi izan atzo Gallizok. Espainiako Gobernuak hori aurreikusita ere ez duela azaldu zuen, eta, oraingoz, horretarako kontakturik ez dagoela abiatuta.

Zaballako espetxe berria urte bukaerarako prest egongo dela aurreratu zuen. Ireki arte zenbait prozedura bete beharko direla ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.