Osakidetzako aldi baterako 6.308 lanpostu arriskuan daudela dio ELAk

Osarean proiektuak «izaera pribatizatzailea» duela, eta enpleguak galduko direla uste du sindikatuak

mikel rodriguez
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
ELA sindikatua oso kezkatuta dago Osakidetzaren egungo egoerarekin. Aldi baterako sei mila lanpostu inguru galdu litezkeela salatu du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «gastuak murrizteko hartutako agindu» baten ondorioz. ELAren arabera, Osakidetzako kontratuen %27 aldi batekoak dira, eta agindu hori onartzeak sistemaren «kolapsoa» ekarriko du. Horrekin lotuta, Osarean proiektuaren «izaera pribatizatzailea» salatu du ELAk, eskainitako zerbitzu «ia denak» enpresa pribatuekin azpikontratatu direlako. Horren ondorioz, «enpleguak galduko dira».

Atzo prentsaurreko bat eman zuten Mirari Irure ELAko osasun arloko ordezkariak, Alberto Lavin Osakidetzako ELAren Bilboko arduradunak, eta Jasone Bujan Bizkaikoak, azken urte eta erdian Jaurlaritzako Osasun Sailakhartu dituen neurrien inguruko balantzea egiteko. Irureren iritziz, epe horretan neurri «propagandistiko eta antidemokratikoak» hartu ditu Rafael Bengoak zuzendutako Osasun Sailak, eta Osakidetzarentzako ondorio «ezin txarragoak» ekarriko dituzte.

Irurek azaldu duenez, gastuak aurrezteko agindua joan den irailean eman zuen Osasun Sailak. Agindu horretan biltzen diren neurrien artean, «sei hilabetetik beherako ordezkapenik ez egiteaeta lan pilaketagatik egindako kontraturik ez berritzea daude». Agindua «bere osotasunean» aplikatuz gero, Irurek uste du Osakidetza kinka larrian geldituko dela. ELAk emandako datuen arabera, hilero aldi baterako 6.308 kontratu egiten dira -3.713 ordezkapenengatik, eta 2.595 lan pilaketagatik-; aginduaren ondorioz, kontratu horietako gehienak bertan behera geldi litezkeela adierazi du Irurek. ELAk murrizketa horiek ez dituela onartuko ohartarazi du Irurek, eta salatu du Osakidetzako zerbitzu batzuk dagoeneko «kaltetu» direla. Era berean, sindikatuak jakinarazi du osasunekoak ez diren zerbitzuetan eta «bereziki» administrazio arloan «modu biziagoan» aplikatzen ari direla agindu hau. ELArentzat hori ez da «kasualitatea».

Hain zuzen ere, ELAren irudiko, pribatizazio bide horretarako tresna bat Osarean proiektua da. Osarean proiektuaren helburua da eriei etxetik jarraipena egiteko sarea osatzea, baina ELAk salatu du zerbitzu gehienak enpresa pribatuen esku utzi dituela Osakidetzak. Sindikatuaren ustez, Osasun Sailak «uko egin» dio Osarean zuzentzeari, eta haren kudeaketa Osatek enpresaren esku utzi du; «kapital publikodun enpresa da, baina gainontzekoan enpresa pribatu arrunta».

ELAk azaldutakoaren arabera, pribatizaziorako pausoa eman eta gero, «berregituratze plana eta enpleguak kentzeko asmoa» datoz. Aldi baterako kontratuak ez direla berrituko jakinarazi du Irurek, eta, horren arabera, Osatekeko langileen %25 kaleratuko dituztela -37 langile-. Gainera, salatu du Osatekek azpikontratatu dituen zortzi telefono operadoreei Espainiako Estatuaren telemarketing lan-hitzarmena aplikatzen zaiela, eta ez, ordea, Osatekena. Enplegua galtzearen adibidetzat jarri ditu Irurek Bilboko Otxarkoaga, Gazteleku eta Zurbaran osasun zentroak.

Euskarak pisu txikiagoa

Euskararen ingurukoa da ELAk Osakidetzaren kudeaketari egin dion beste kritiketako bat. Oroitarazi du otsailean Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia saiatu zela euskararen pisua «jaisten» etorkizuneko lan eskaintza publikoetan, eta martxoaren amaieratik, berriz, kontratuetan ez duela kalitate parametrotzat hartzen euskara. Azken neurri hori Osakidetzako Euskalduntze Dekretuan ezarritakoaren aurka doala dio ELAk, eta sindikatuak «juridikoki» egingo du horren kontra. Irurek salatu du Osakidetzan ez dagoela bermatuta euskaraz artatua izateko eskubidea, eta hizkuntzarekiko «errespetu falta» iritzi dio.

ELAk salatutako beste bi alderdi dira aurrekontuen eta soldaten murrizketak eta medikuetara joateagatik ordaintzearen aldeko proposamena. Aurrekontua 260 milioi euro murriztuta, osasun publikoaren arreta kalitateak «txarrera» egin du, ELAk dioenez. Soldatak gutxitzeari dagokionez, «krisiaz egin den erabilera» salatu du ELAk. Medikuetara joateagatik ordaintzearen alde egotea, berriz, «osasungintza pribatuaren alde egotea da», ELArentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.