Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lan eskaintza publikoaren «zenbait alderen» aurka egingo dute Osakidetzako medikuen gehiengoa ordezkatzen duten bi sindikatuek. Lan eskaintzaren puntu batzuen «legezkotasuna» ezbaian jarri dute Euskadiko Medikuen Sindikatuak eta Euskadiko Ospitaletako Medikuen Federazioak, eta kasu batzuetan «eskubide konstituzionalak» ere urra ditzaketela gaineratu dute bi sindikatuek agiri baten bidez.
Lan eskaintza publikoaren aurkako jarrera «kasualitatea» ez dela nabarmendu dute sendagileen ordezkariek. Hain zuzen ere, gogorarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sindikatu bakar batek ere ez duela babestu hil honen 27an aurkeztutako lan eskaintza. «EAEko enpresa publiko handienean hori gertatzen den lehen aldia da»». Datu hori Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko duen «ezintasunaren» erakusgarri dela ohartarazi dute sendagileek.
Lan eskaintzak eskainitako lanpostuak nahikoak ez direla nabarmendu dute sendagileen gehiengoaren ordezkariek. 2.600 lanpostu kopuru «errespetagarria» dela aitortu dute, baina gogorarazi dute Osakidetzako lanpostuak behin-behinean betetzen ari diren langileak askoz gehiago direla. Aldi baterako kontratuekin beteta dauden postu horiek finko bihurtzeak kostu handiagorik ez lukeela ekarriko adierazi dute.
Lan eskaintzaren 2.600 postuetatik 2.280 behin-behinean betetakoak dira. Ordea, Osakidetzako zuzendaritzak postu horiek zeintzuk diren zehazteko irizpiderik ez duela jakinarazi salatu dute. Finko bihurtuko diren lanpostuak «modu objektiboan» aukeratzeko irizpiderik ez egoteak behin-behineko langileen artean «ezinegona» sortzen duela jakinarazi dute. Langile horiek ez dakite orain betetzen duten lanpostua eskainiko den, leku aldaketa eskatu beharko duten edota behin-behinean jarraituko duten.
Bestalde, lan eskaintzaren epaimahaian sindikatuek proposatutako inor ez dela egongo azaldu dute, ezta elkargo profesionalek edota espezialitate medikuen elkarte zientifikoek proposatutakoak ere. Osakidetzaz kanpoko ordezkapen faltak lan eskaintzaren «kanpoko kontrola» murrizten duela gogorarazi dute.
Azkenik, azterketa ereduaren aldaketa gogor kritikatu dute sendagileen ordezkariek. Eskaintzen diren lanpostuak lortzeko sistemaren «aldaketa sakona» derrigorrezkoa dela nabarmendu dute. Teoriaren ezagutza baloratu arren, «urteetan» behin-behineko langile izandakoen egoera zaila ez luzatzeko eskatu dute, lana egiteko gai direla egiaztatu dutela argudiatuta.
Kontseilua eta Behatokia
LEPari buruzko kritika plazaratu dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere. Deialdian, hizkuntz eskubideei dagokionez, «atzerapauso onartezinak» daudela salatu dute. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik agerraldia egin dute asteon egonezina agerian uzteko, eta azaldu dute auzitara joko dutela hurrengo asteotan Jaurlaritzak argitaratutako deialdi guztiak banaka aztertu ostean. Deialdiak «legearen babesean» egin badituzte ere, horien atzean zer dagoen agerian uztea nahi dute. «Nahiko genuke Jaurlaritzako ordezkariek azaltzea zergatik eman dituzten atzerapausoak», aditzera eman du Paul Bilbaok. Osakidetzan hizkuntz eskubideen gaineko erabakiak orain gutxi indarrean jarri direla diote —euskararen normalizaziorako dekretua 2003koa da, eta euskara plana 2005ekoa— eta Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari gogorarazi diote aurrera urratsak baino ezin direla egin norabide horretan. «Ez diogu onartzen normalizazio prozesua arin egiten ari dela argudiatzea», azaldu du Paul Bilbaok.
Kexu dira lan eskaintza publikoarekin inguruko informazio faltarekin ere. «Ez dakigu zenbat lanpostutan izango den nahitaezkoa euskararen ezagutza», salatu dute. Osasun arloaren alorra, hizkuntz eskubideei dagokienez, urteotan beti «beltzunea» izan dela oroitarazi dute.
Osakidetzako lan eskaintzaren kontra egingo dute osagileen elkarte nagusiek
Euskadiko Medikuen Sindikatua eta Ospitaletako Medikuen Federazioa ez datoz bat deialdiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu