Iaz hasitako mobilizazioek emaitzarik eman ez dutela eta, protesta gehiago iragarri dituzte Osakidetzako sindikatuek datorren apirilaren 29 eta 30erako. Eusko Jaurlaritzarekin akordiorik lortu ezean deituko dute grebara CCOO, UGT, ELA, LAB, ESK, SATSE, SME eta FFHE sindikatuek. UGTko Arantza Agoteren arabera, Osakidetzak ez badu orain arteko jarreran amore ematen argi geratuko da "ez duela apusturik egiten osasun publikoaren alde".
Azkenaldian eginiko murrizketak berrikustea eta langileen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute sindikatuek. Zehazki, 3.000 lanposturen deialdi publikoa negoziatzea eskatzen dute, Osakidetzako langile guztien lanpostua egonkortzearen alde. Iaz 374 lanpostu eskainiko zituen Osakidetzak; erdiak barne sustapenerako, eta bertze erdiak, txanda irekiko postuak.