08:15 jo berritan, Donostia ospitaleko atarira atera dira gaur berriro erietxeko hamarnaka langile, lehengo astean berrabiarazitako protesten dinamikari atxikita. Hesituta zeuden eskaileren eremu bi, baina ez da eragozpen izan langileentzat protesta egiteko. Bost bat minutu iraun du, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute.
Ez dute adierazpenik egin nahi izan gaur protestaren amaieran. Soilik mahai gainean jarrita dauzkaten aldarriak gogoratu nahi izan dituztela esan dute. Lehengo astean agerraldi bat egin zuten beren eske nagusiak zein diren adierazteko. Osakidetzako zuzendaritzarekin dituzten elkarrizketetan «jarrera ona» dagoela esan zuten, baina «ekintzak» nahi dituztela orain.
Gaur langileen batzarrik ez dela egingo jakinarazi dute: hilaren 9an izango da hurrengo batzarra. Eledun ari diren osasun profesionalek hainbatetan adierazi dute «langileen batzar» baten izenean ari direla. Batzar horretan gehienak medikuak diren arren, beste langile taldeetako ordezkariak ere badirela esan dute. Onartu dute aparteko oihartzuna hartu dutela Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina «batzarra» zabalagoa dela esplikatu dute, eta «irekia». Urtarrilaren 18an dute hurrengo bilera Osakidetzarekin, eta bitartean astelehenero Donostia ospitaleko atarian elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa dute.
Bost puntu
«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»: horixe da Donostialdea erietxeko langileek eginda duten lehen eskea. «Eta hor ez dugu aurrerapausorik izan», zehaztu zuen lehengo astean egin zuten agerraldian medikuen ordezkarietako bate, Manuela Perezek. «Baina esan eta esan ari gara: garrantzitsua da zuzendaritza medikoak gure ESI erakunde sanitario integratua ezagutzea eta ematen den artaren jarraikortasuna bermatzea».
Donostialdea ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» ere eskatu dute. Zerbitzuetan egiten den lana maiztasun jakin batekin «ebaluatzea» da hirugarren eskea, eta laugarren puntuan hainbat eskakizun zehaztu dituzte erietxeko langileen «egonkortasuna» bermatze aldera. Azken puntua lotuta dago Onkologikoarekin; Osakidetzak findu berria du harekiko «binkulazio hitzarmen berria», eta iruditzen zaie «antolakuntzaren alderdia» ez dela batere argia.
Jatorria
Abenduaren 2an hasi zen Donostialdea ESIko krisia. Osakidetzak erakunde sanitarioko zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga kargutik kendu zituen, eta egun hartan bertan egin zuten ESIko hainbat langilek erietxeko atarian lehen elkarretaratzea, haiei babesa erakusteko. Ordutik, gatazkak hainbat mugarri izan ditu, eta agerian utzi ditu Osakidetza barruan dauden desadostasunak. ESIen arteko tirabirak geratu dira agerian, goi agintarien inguruko mesfidantzak, eta gainezka ari den sistema batek sortutako zailtasunak.
Abenduaren 5ean krisiaren larritasuna agerian geratu zen; Donostialdeko ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat kaleratu zuten; Osakidetzaren «politika suizida» salatu zuten, eta «sektarismoz eta trakeskeriaz» aritzea leporatu zioten. Kargugabetutako zuzendaritzako kideak berriz ere euren postuetara itzultzeko eskea mahai gainean jarri zuten. Kontrara, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan zuen kargugabetze horiek «antolakuntza aldaketa» soilak izan zirela: «Aldaketa bat behar zen. Eta horixe egin dugu».
Negoziazioak hasi ziren gero bi aldeen artean, egoerak baretzera egin zuen, elkarretaratzeak egiteari ere utzi zioten langileek bolada batean, baina abenduaren 23an langileek jakinarazi zuten berriz hasiko zirela elkarretaratzeak egiten erietxe atarian, eta horretan ez da aldaketarik izan ordutik.