Gizartea

Osakidetzari osasuna “merkantilizatzea” egotzi diote Ambuibericako langileek

Anbulantzien zerbitzuaren kudeaketa salatzeko, Bizkaiko ospitale nagusietan elkarretaratzeak egingo dituzte datorren astean.

Maite Asensio Lozano.
2013ko irailaren 18a
13:34
Entzun

Kezkatuta agertu dira gaur Bizkaiko anbulantzietako langileak, Ambuiberica enpresak zerbitzua kudeatzen duenetik —uztailaren 16tik— izandako gorabeherekin: hiru langile egotzi dituzte, kaleratze horiek ordu gehigarrien bidez betearazi dituzte, eta beharginen lan baldintzek okerrera egin dute. Arazoa “azpikontratazioan” datzala nabarmendu dute, eta Osakidetza jo dute errudun: “Osasunari prezioa jarri dio. Larrialdietako osasun garraioaren zerbitzua merkantilizatu du, eta irabaziak soilik helburu dituen enpresa pribatu baten esku utzi du”.

25 urtean zehar DYAk eta Cruz Rojak kudeatu izan dute anbulantzien zerbitzua, baina 2012ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehiaketara atera zuen zerbitzua. ELA eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, lehiaketako baldintzek “agerian” utzi zuten “sektore hori ere pribatiza daitekeen negozioa” dela, eta Jaurlaritzak lehentasuna eman dio “eskaintza merkeenari, ekipamendu eta ezaugarri teknikoei bainoago”.

Egoeraz protesta egiteko, mobilizazioak abiatuko dituzte beharginek. Datorren astean, elkarretaratzeak egingo dituzte Bizkaiko hiru ospitale nagusien aurrean, 11:00etan; hilaren 23an Gurutzetan (Barakaldo), 25ean Basurtun (Bilbo), eta 27an Galdakaon. Era berean, urriaren 3an manifestazioa egingo dute Bilbon, Osasun Sailaren egoitzatik Jaurlaritzarenera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.